Santa Zeziliren omenez, hiru egun musikaz blai

Ubane Madera 2019ko aza. 19a, 15:09

Lehengo eta oraingo hainbat txistulari zapatuko entseguan.

Santa Zezili eguna da barikuan, musikarien zaindariaren eguna. Hori dela-eta, hiru egunez, kalejirak egingo dituzte udalerriko beste horrenbeste musika taldek: bihar Musika Eskolako 30 bat ikasle kantura irtengo dira. Eguenean, berriz, Ezoziko Ama Abesbatzako kideen txanda izango da, eta barikuan, txistulariena.

Musika Eskolako ikasleek, bihar eguaztena, egingo dute Santa Zeziliren eguneko kalejira. Euririk ez bada, Santa Anan hasi eta erdigunean zehar abestu ondoren, Plaza Berrian bukatuko dute jarduna.

Euria bada, berriz, eliz-atarian hasi eta Plaza Zaharreko karpan bukatuko dute kalejira. Ikasleek eurek abesteaz gainera, kanta-paperak banatuko dituzte, inguruan dauden entzuleak eurekin abestera animatzeko.

Honako kantuekin osatuko dute kalejira: Santa Zeziliren kantua, Azaroak 22, Euskal Herrian Euskaraz eta Musikalean.

Abesbatza

Gero, eguenean, Ezoziko Ama Abesbatzaren txanda izango da. Haiek ere kalejira egingo dute, 20:15ean hasita. Erdigunean ibiliko dira kantuan, eta abesti herrikoiak eta bestelakoak interpretatuko dituzte. Euria bada ere, berdin egingo dute kalejira.

Lehengo eta oraingo txistulariak

Eta barikuan, txistulariek ipiniko dute musika. Azken horien hitzordua berezixeagoa da, izan ere, kalejiran irtengo dira oraingo eta lehengo txistulariak, Santa Zezili egunerako propio elkartu direnak. Hainbat urte daramatzate ohitura horrekin, eta aurten 15 bat txistularik osatutako taldeak egingo du kalejira, Santa Zezilia izenburua duen kantua joz. 20:00etan hasiko dira kalerik kale.