Neurri zehatzak nahi dituzte

Ubane Madera 2019ko aza. 18a, 17:31
Pentsioen aldeko elkarretaratzea, gaur eguerdian.

60 bat herritarrek babestu du gaur eguerdian pentsioen defentsan egindako elkarretaratzea. Bertan, besteak beste, hauteskunde osteko balorazioa egin dute; jakinarazi dute  “ospatu” egin nahiko luketela PSOEren eta Unidas Podemos alderdien arteko gobernu akordioa, eta exijitu dute euren “aldarrikapenak aintzakotzat” har ditzaten. 

Pentsioen aldeko elkarretaratzean, PSOEren eta Unidas Podemos-en artean lantzen dabiltzan akordioaren harira, azpimarratu dute haiengandik ez dutela “asmo-deklaraziorik” nahi, gero “ez direlako neurri zehatz bihurtzen, indarrean jarraitzen dutelako erreforma laboralak eta pentsioenak, gure bizi baldintzak okertuz”. 

Urtarrilean "mobilizazio handia"

Horrez aparte, mobilizatzen segituko dutela iragarri dute, eta baieztapen hori indartzeko, gogora ekarri dute 22 hilabete daramatzatela kalean: “Erronka zaila daukagu Pentsioen Sistema Publikoa bere osotasunean defendatzen, eta horrek bultzatzen gaitu ondorengo hilabeteetan ere borrokan jarraitzera, abenduan Eusko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egitera, eta urtarrilean mobilizazio handia egitera, lanuzteaz lagunduta”.