Pailazoak, txapak, dj-a eta beste, haurren eskubideak aldarrikatzen

Ubane Madera 2019ko aza. 16a, 09:05

Udaleko Haurren eta Gazteen Batzordeak hainbat ekintza antolatu ditu Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzeko; gaur, zapatua, pailazo ikuskizuna izango da, 17:00etan: Tomaxen Abenturak taldearen eskutik, Azken balea taularatuko dute.

Gaurko ikuskizunak Muxi eta Tomax pailazoak ditu protagonista eta azken euskal balea salbatzeko egiten dituzten ahaleginak kontatzen ditu. Taldearen lan guztietan bezala, umorea, magia, kantak eta jolasak zipriztundako lana eskainiko dute oraingoan ere. Lau urtetik gorako haurrei zuzendutako saioa da eta sarrera doan da.

Oihan Vega

Gaurko ikuskizunaz aparte, datorren aste osoan haurren eskubideen gaia landuko dute ludotekan eta gaztelekuan. Eta eguaztenean, txapak banatuko dituzte ikastetxean.

Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren aldarrikapena borobiltzeko, Oihan Vega DJak saioa egingo du azaroaren 23an, zapatua, Plaza Zaharrean.

"Haur eta nerabeak eskubideen subjektu dira, ez bakarrik babesteko objektu soilak, beraien iritzia, beraien hitza, nahitaezkoa da dagozkien erabakiak hartzeko orduan". Horixe du abiapuntu 1959ko azaroren 20an Nazio Batuen Erakundean egindako aldarrikapenak. 1989an ituna sinatu zuten nazioarteko herrialdeek "historiako adostasun handienarekin". Hitzarmen hartan 54 eskubide jaso zituzten, mundu guztiko umeei aitortu zizkietenak.   

Eta Soraluzeko Udalak ere haur eta nerabeen eskubideak aldarrikatu nahi ditu: "Ez dira rollo politikoak; ez dira besteonak baino eskubide txikiagoak (…) Guztiok egin dezakegu zerbait umeen eta gazteen eskubideen alde. 30. urteurren hau une aproposa da munduko haur eta gazte guztien eskubideak 
bermatzeko egiten diren ahaleginak birplanteatzeko".