'Cuentos de CaLiPSo' liburua aurkeztuko dute bihar

Ubane Madera 2019ko aza. 13a, 09:41
Maria Luisa Blasco, Tere Sousa eta Elena Perez, 'Cuentos de CaLiPSo liburuko hiru idazle.

Soraluzen pentsatu, egin eta landutako Cuentos de Calipso liburua aurkeztuko dute bihar, eguena, Herriko Antzokian, 19:00etan. 12 autorek idatzitako 37 kontakizun laburrez osatutako liburua da eta bihar bertan salgai ipiniko dute. Berez, 12 euroko prezioa du, baina Udalaren laguntasunari esker, bihar 6 euroan eskuratu ahalko da.

“Harro eta pozik gaude. Lan handia izan da, konpromiso handia eskatzen zuelako. Angelek (Angel Mario Fernandez) izugarrizko lana egin du aditu literario modura, eta baita Elena Perezek ere, koordinatzaile modura”, dio Tere Sousa idazleak. 

Lan horren emaitza da bihar aurkeztuko duten Cuentos de Calipso liburua. 500 ale merkaturatuko dituzte lehen edizioan eta eskatu ahala plazaratuko dituzte gehiago. 

Soraluzeko lana ikustarazi nahian

Soraluzen pentsatu, egin eta landutako liburua da Cuentos de Calipso, izen bera duen literatura klubeko idazleek bultzatuta: CaLiPSo (Cafe Literario Placencia Soraluze). “2016tik, elkartzen ginenean kide bakoitzak bere kontakizuna irakurtzen zien gainerakoei. Urteotan asko idatzi ditugu. Eta Soraluzekoak ez diren beste autore batzuk ere erakarri ditugu. Bada, guztiek idatzitako kontakizunen aukeraketarekin osatu dugu liburua. Helburua Soraluzen egindako literatura lan eskerga horri ikusgarritasuna ematea da”, azaldu du Elena Perezek. 

Estilo eta jatorri anitzekoak

Aniztasuna da, hain justu, liburuaren ezaugarrietako bat: kontakizunak estilo askotarikoak direlako. Eta askotarikoa da ere autoreen jatorria: Soraluze, Arrasate, Granada, Valladolid, Argentina, Mexiko eta Kanariar Uharteak.

Etxekoei begiratuta, Cuentos de Calipson argitaratuko dituzte Tere Sousaren, Elena Perezen, Maria Luisa Blascoren eta Angel Mario Fernandezen kontakizunetako batzuk.