Hilabeteko beste greba bat

Ubane Madera 2019ko aza. 12a, 12:12
Egoitzako langile bi kartelak ipintzen, gaur goizean.

Atzo hasita, abenduaren 11ra bitarteko grebari ekin diote Mesedeetako egoitzako hainbat langilek, Gipuzkoako beste lankide ugarirekin batera. Grebaz aparte, bestelako protesta ekimenak ere egingo dituzte hilabete horretan zehar. Esaterako, aste honetan egunero dituzte protesta-hitzorduak, ELA sindikatuak deituta. Atzo abiatutako 31 eguneko grebarekin, 149 greba-egun beteko dituzte langileek.

Gaur, martitzena, Mesedeetako egoitzako hainbat langilek kartelak ipintzen dihardute udalerriko hainbat puntutan; bihar kotxe-karabana egingo dute Bergaratik abiatuta Debagoienean zehar; eguenean, berriz, elkarretaratzea egingo dute 18:30ean Soraluzen, eta besteak beste, zapatuan bat egingo dute Debabarreneko pentsiodunen mugimenduek 12:00etan deitutako manifestazioarekin.

Aldundia eta UGT

Halako eta bestelako protestekin jantziko dute atzo ezkero abiatutako hilabeteko greba, ELA sindikatuak deituta. Bertatik salatu duenez, egoitzetako langileak “suminduta” agertu dira “Aldundiaren jardunagatik”; izan ere, sektoreko patronalekin lan egin beharrean, ELAk eta patronalak duela hilabete batzuk lortutako akordioaren finantzaketa adosteko, estatutuz kanpoko akordio bat sinatzearen alde agertu da, “sektorea desmobilizatzeko eta grebarekin amaitzeko”, baina "ez dute horrelakorik lortuko" ziurtatu dute.

Horrekin batera, besteak beste, UGT sindikatuaren jarrera kritikatu du ELAk, salatuz langileen ordezkaritzaren %10a izan ez arren, akordioa sinatu duela “gutxiengoan”: “Izozte-proposamena egin du 2017. eta 2018. urteetarako, eta 4 patronalek onartu dute. (…) UGTk akordio bat gutxiengoan sinatu du, 120 egun baino gehiagoko greba egin duten ehunka langileren mobilizazioaren aurka, nahiz eta 5 aldiz ere adierazi, eta aktan hala dago jasota, horrela ez zuela sinatuko".