Gazteek aniztasunaren alde sukaldatu zuten

Ubane Madera 2019ko aza. 11a, 11:04

Soraluzeko Institutuko gazteek pintxo lehiaketa bitartez irudikatu zuten udalerrian dagoen jatorri aniztasuna. Oro har, ezezagunak zituzten lehengaiekin Pakistango, New York-eko, Afrikako, Britania Handiko… errezetak egin zituzten Gaztañerre azoka egunean, zapatuan. Epaimahaiaren erabakiz, Britania Handikoa izan zen gozoena.

12 eta 16 urteko gazteek sukaldaritza lehiaketaren bitartez ikusarazi zuten udalerriko identitate aniztasuna. Goizean Plaza Zaharreko karpan elkartu eta ordubetez kozinatzen ibili ondoren egindakoak epaimahaiari aurkeztu zizkioten, pintxo onenak zeintzuk ziren erabaki zezan. Britania Handiko postreak eskuratu zituen puntu gehien.

Txostenean batu eta argitaratu

Zapatuko pintxo lehiaketa urrian ikastetxean lantzen ibili diren gogoetaren amaiera izan zen; hain justu hura bultzatu zuen Eusko Ikaskuntzak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Soraluzeko Udalaren laguntzarekin, gazteak ahaldundu eta hiritartasun eredu berriari buruz gogoeta egin zezaten. Aztiker Ikerguneak zuzenduta, lan horretan egindako eta lortutako helburuak txosten batean batu eta argitaratu egingo dituzte aurrerago.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.