Eskolan ere ospatuko dute Gaztañerre

Ubane Madera 2019ko aza. 8a, 12:00

Egunotan, Plaentxia Herri Eskolako ikasleak eta irakasleak buru-belarri dabiltza Gaztañerreren gainekoak ikasten, ikusten eta kantatzen. Ikastetxeko harrera eta barruko txokoak dotore jantzi dituzte, Gaztañerrekin eta udazkenarekin lotutako motiboekin. Eta astelehenean, Gaztañerre eguna ospatuko dute, besteak beste, gaztaina-jana eginez.  

Azken asteotan, Gaztañerre azoka eta Gaztañerre eguna aztergai izan dute Plaentxia Herri Eskolako kideek.  Ikasgeletan harekin lotutako edukiak lantzeaz batera, ikastetxeko harrera, barruko patioko sarrera eta ikasgela ugari ospakizun horren bueltakoekin dekoratu dituzte.

40 bat kilo gaztaina

Bestalde, ondo asko ikasita dute, adibidez, Gaztaina saltzailea kantua, eta berau abestuko dute, besteak beste, astelehenean ospatuko duten Gaztañerre egunean. 15:30ean hasiko den saioan bertsoak ere lagun izango dituzte. Eta arratsaldea borobiltzeko, eskolako patioan bertan erretako 40 bat kilo gaztaina-jana egingo dute.