Egoitzan egin eta Gaztañerre azokan saldu

Ubane Madera 2019ko aza. 6a, 11:53

Teresa, Felisa, Tomasa, Lorenza, Marina, Petra, Eusebia, Mari eta Ofelia buru-belarri ari dira kotoizko poltsak eta motxilak margotzen. Halako 200 dotoretuko dituzte. Izan ere, bigarren urtez, Mesedeetako Egoitzako bizilagunek postua ipiniko dute Gaztañerre azokan. 

Egoitzako bigarren solairuko aretoan elkartzen dira 9 lagunak lanerako, goizean eta arratsaldean. Gehienetan Oihane Garaitagoitia animazioko arduradun eta psikologoak lagunduta ibiltzen dira, baina baita euren kabuz ere, Garitagoitiak kontatu duenez.

Gaztañerren saltokian egongo dira

"Asmoa Gaztañerre egunera arte margotzen segitzea zen; baina taldea erabat ahaldunduta dago, eurek erabakitzen dute guztia, eta nahi dutenean etortzen dira. Adibidez, asteburuan ere ibili dira lanean, beraz, oso aurreratuta goaz. Behin poltsak margotuta, plantxatu egiten ditugu, eta gero egoitzako beste talde batek etiketa bereziak ipiniko dizkie. 
Horren ondoren, poltsen prezioak adostu, eta Gaztañerre egunean eurek dekoratutako postuan jarriko dituzte salgai". 

Mesedeetako egoitzako bizilagunek estreinaldia dute margolari lanetan, baina lehenagotik ere badute eskarmentua herriko jardueretan parte hartzen zein artista lanetan. Sukaldaritza lehiaketetan hasi ziren orain dela hiru bat urte, baita sariak eskuratu ere. Boluntario lanak ere egin izan dituzte, Soraluze, Mugituz! ekimenaren eskutik. Aurtengo Marraskilo Tourrean, berriz, mendizaleentzako buffa diseinatu zuten. 

Gatzatua, intxaur-saltsa…

Eta etorkizunari begira geroago eta eskari gehiago dabiltza euren kabuz egiten eta lantzen. Esaterako, Gaztañerre egunerako gatzatua egingo dute egoiliarrek, gero bertan jateko; eta Gabonetarako, besteak beste, intxaur-saltsa egitea eta jatea eskatu dute. 

Erlazionatuak

Egoitzako bizilagunak lanean

Ubane Madera 2019 aza 06 Soraluze