Wim Hof metodoa praktikatzeko hitzordua, zapatuan

Ubane Madera 2019ko aza. 6a, 10:45
Andoni Calles bainu hotza hartzen.

Wim Hof metodoaren baitako arnasketak landu, meditazioa egin eta hotzarekin kontaktua lantzeko hitzordua egin dute zapatu honetarako. 09:00etan elkartuko dira gaztetxe aurrean. Parte hartu nahi duenak jantzi erosoak eta esteratxo bat besterik ez ditu eraman behar. 

Neguan indartsu egon nahi?Galdera horren erantzuna baduela dio Andoni Callesek: "Gaixotzeko gogorik ez duenak aukeran du horretan oso lagungarria den metodoa praktikatzea: Wim Hof. Arnasketen bitartez gure gorputzeko kimika guztia aldatzeko gai da metodo hori".

Bainuak ez dira derrigorrezkoak

Izan ere, Wim Hof metodoa praktikatzen buru-belarri dihardu berak, eta orain berarekin batera praktikatzeko gonbita egin nahi die herrikideei. Eta hitzordua ere zehaztu du horretarako: zapatuan, 09:00etan gaztetxe aurrean elkartu eta Wim Hof metodoa praktikatzera abiatuko dira.

Callesen asmoa da Wim Hof metodoak bere baitan dituen arnasketak, meditazioa eta ur hotzetako bainuak elkarrekin praktikatzea. Hala ere, eta bainuei dagokienez, Callesek azpimarratu du azken horiek ez direla derrigorrezkoak. Gonbita eginda bada, taldeko kide izan nahi duenak honako telefono zenbakiaren bitartez helarazi dezake interesa: 639 63 22 08.