Bost baserri gehiago izango dira aurtengo Gaztañerre azokan

Egoitz Unamuno 2019ko aza. 5a, 12:33
Iazko azoka.

Azken hilabeteotan zenbait baserritarrek eta Udalak ahalegin berezia egin dute azokan baserritar gehiagok parte har dezaten. Azkenean, bost baserri gehiago izango dira aurtengo azokan. Euretako bi lehen aldiz: Itsasoi eta Osuma Azpi.

Azaroaren 9an egingo da Gaztañerre azoka, hogeitalaugarrena, eta parte hartzea izango da edizio honetako nobedade nagusia. Izan ere, azkenengo urteotan, azokan parte hartzen zuten baserritarren kopuruak beherantz egin izan du,baina, aurten, joera horri buelta ematea lortu dute eta iaz egon ez ziren bost baserri izango dira bertan: Argateburu, Etxebarri, Aldaso Osuma Azpi eta Itxasoi. Azken biek lehen aldiz parte hartuko dute azokan.

Sanandrestarren bultzada

Iaz San Andresko hainbat baserritarrek Udalari eskatu zioten ahalegina egin zezala baserritarren parte hartzea indartzeko eta eskari horri erantzunez, azken hilabeteotan Udalak “atez ate” jardun du baserritarrei azokan parte hartzeko gonbitea eginez. Oier Cerrejon sanandrestarraren esanetan, emaitza positiboa da, “beheranzko joerari buelta ematea lortu” delako. Iritzi berekoa da Iker Aldazabal alkatea ere, eta etorkizunean bide beretik jarraitzeko asmoa adierazi du.

Parrila eta sagardo lehiaketa

Iaz hasitako bideari jarraituz, aurten ere, sanandrestarrek jan edana banatzeko postua jarriko dute eta bertan eskainiko dituzte salda, txorixoa, sahieski errea eta danbolinean erretako gaztainak. Horixe izango da azokaguneko jangune bakarra, aurten ez baita talo posturik jarriko.    

Bestalde, bigarrenez, herriko sagardo lehiaketa antolatuko dute. Aurten, bost parte hartzaile izango dira: Argate, Arkaitz Arana, Agirrebeiztegi, Araneta eta Barrenetxe. Herritarrek postuan probatu ahalko dituzte sagardoak eta botua emanaz erabakiko dute zeinek jantziko duen txapela. 

Omenaldia adineko baserritarrei

Eguerdian, ohiko ekitaldia egingo da azokagunean eta barazki postuen lehiaketako sariak banatzearekin batera adineko bi baserritar omenduko dituzte. Aurten, Ernizketa baserriko Lander Lakuesta Gorosabel (95 urte) eta Zeletako Maria Ariznabarreta Txurruka (94 urte) omenduko dituzte. Horrez gain, gogoan izango dute aurtengo abuztuan zendu zen Guenetxetxo baserriko Mertxe Balzola ere, edizio guztietan barazki postua jarri izan zuena. 
Eguerdiko ekitaldiaren ostean, baserritarrek Armendin bazkalduko dute Aitor Mendiluze eta Agin Laburu bertsolariek eta Mendotz eta Bixkai trikitilariek lagunduta.

Erlazionatuak

Azokako postuen zerrenda

Egoitz Unamuno 2019 aza 05 Soraluze

Gaztañerre egitaraua

Erredakzioa 2019 aza 05 Soraluze