Langabezia gora

Ubane Madera 2019ko aza. 5a, 13:00

Langabeziak 2019ko igoerarik handiena izan du urrian : 11 langabe gehiago kontabilizatu dituzte udalerrian. Hala, azken lau hilabeteotan eskualdeko bigarren langabezia tasa altuena izan ondoren, urriko datuen ondoren, Soraluzekoa da, berriro ere, Debabarreneko tasarik handiena.

Hilabete txarra izan ohi da urria langabeziari dagokionez, adituen arabera, urteko txarrena. Eta halaxe islatu da hori joan den hilabetean Soraluzen kontabilizatutako langabe-kopuruan: 236. Bestela esanda, gaur gaurkoz %12,59ko langabezia-tasa du udalerriak, Debabarreneko altuena.

Datuak herriz herri

Orokorrean, goranzko joera izan dute eskualdeko gainerako herri guztiek, Mutrikuk eta Mendarok izan ezik. Hain justu, bi udalerri horiek dute Debabarreneko langabezia tasarik baxuena. Eta haien kontrara, igoerarik handiena Soraluzen eman da. Hona hemen datuak udalerriz udalerri:

  • Deba 190  %7,13
  • Eibar 1.577 %12,38
  • Elgoibar 495 %8,95
  • Mendaro 70 %7,08
  • Mutriku 189 %7,10
  • Soraluze 236 %12,59
  • Debabarrena 2.757 %10,42