Aurtengo ikasturtetik, Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroetan (EPAn) lehentasuna eman diete hezkuntza ofizialarekin lotutako ikasgaiei: Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradueu eta ziklo formatiboetarako eta unibertsitaterako sarbidea prestatzeko ikasketei eta atzerritarrentzako euskarari eta espainolari.
Eusko Jaurlaritzak dekretuz hartu du erabakia eta dekretu horren ondorio zuzena izan da araututa ez dauden ikasgaien (informatika, ingelesa, frantsesa, euskara, Euskal Herriko artea…) murrizketa drastikoa; dekretuak dio ikasgai mota horiek eskaintza akademiko osoaren orduen %5a bakarrik izan daitezkeela. Eusko Jaurlaritzak argudiatu duenez, arautu gabeko ikasketak egiteko badaude bestelako aukerak, hizkuntza eskoletara joatea, adibidez.
Ikasle gehien ez arautuetan
Kontua da ez-araututako ikasgaiek erakarri dutela historikoki HHIPra ikasle kopururik handiena. Adibidez, iaz, 277 ikasle matrikulatu ziren arautu gabeko ikasgaietan eta 132, berriz, araututakoetan. Aurten, Soraluzeko HHIPri dagokion eragin-eremuan (Soraluzetik Oñatiraino) Antzuolako eta Oñatiko zentroetan bakarrik eskaintzen dituzte ikasketa ez arautuak, zentro bakoitzean talde bakarrari, gainera.
Matrikulazioa ia erdira jaitsi da
Bada, egoera horrek ezinegona eragin du hainbat erabiltzaileren artean. Roman Olaizolak, Soraluzeko HHIP zentroko irakasle eta arduradunak adierazi du: "Orain dela 3-4 urte hasi zen administrazioa murrizketekin; Soraluzen frantsesa desagertu zen, adibidez. Horrez gain, ikasketa ez arautuaren jasotzaileak ziren ikasketekiko berezko interesa zutenak, eta ez titulua ateratzeagatik zetozenak".
Besteak beste, matrikulazioan ere igarri da aldaketa. 234 ikasle matrikulatu dira Soraluzetik Oñatirainoko ikastetxeetan: 230 araututako eskaintzan eta 34 gainerakoan. Orain arte, 400 bat ikasle izan dituzte urtero.
Lanbiderekiko kezka
Bestalde, HHIPko langileei bestelako ezinegona ere sortu zaie azken urteotan: "Lanbide hainbat ikastaro eskaintzen dabil akademien bitartez, berez, ikasgai berberak HHIPn, hau da, zentro publikoetan, eskaini daitezkeenean. Eta gure ikasle potentzial askok Lanbideren ikastaroak aukeratzen dituzte, nolabaiteko esperantza dutelako ikastaroen bultzatzailea Lanbide izanda. Galdera da: ez da posible Lanbidek sistema publikora bidaltzea ikasleak? Gaia Udaleko Hezkuntza Batzordera eramango dugu. Dagoeneko Soraluzen horrelako ikastaro bat ematen dabiltza, baina ez gure sistema publikoaren bitartez” azaldu du Roman Olaizolak.