Nobela, autobiografia, poesia, komikia… Maiatzera bitartean askotariko irakurgai literarioak landuko dituzte; hilean bat. Lehena, Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia liburua izango da. Urretabizkaiak Hondarribiko alardearen inguruan bizitakoak kontatzen ditu bertan.
Aurkezpenean azaldu zutenez, ondorengoak dira datozen hiru hilabeteetarako zehaztu dituzten hileroko hitzordu eta irakurgaiak:
- Azaroak 19: Bidean ikasia. Arantxa Urretabizkaia.
- Abenduak 17: Antologia bat. Gloria Fuertes.
- Urtarrilak 21: 1362km euri. Goizalde Landabaso eta Garazi Goia.
Irakurleak hilean behin batuko dira, martitzen arratsaldetan, zazpiretatik zortzi eta erdietara bitartean.
Aldazabal eta Retolaza gidari
Ikastaroak bi gidari izango ditu. Ainhoa Aldazabal eibartarrak gidatuko ditu urtarrilera bitarteko saioak , eta Iratxe Retolazak otsailetik maiatzera bitartekoak. Biak ala biak adituak dira euskal literaturan, jantziak feminismoan eta esperientzia zabala dute antzeko irakurle taldeak gidatzen.
Mursegoren emanaldia
Literatur saioekin batera, “osagarri moduan”, Errabal kultur elkarteak hainbat kultur emanaldi antolatuko ditu. Emanaldi horietan lehena, Mursegok eskainiko du abenduaren 21ean (zapatua) eta Gloria Fuertes idazle espainiarraren ingurukoa izango da: ‘Gloria Fuertes. Ikasitako poemak’. Emanaldia iluntzeko 20:00etan izango da, Zentroan.