Eusko Ikaskuntzak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta eta Aztikerrek dinamizatuta, lurraldeko jatorri aniztasuna ikustarazteko ekimena abiarazi zuten. Eta, besteak beste, Soraluze ere aukeratu zuten proiektuan parte hartzeko, bertan dagoen jatorri aniztasun handia kontuan hartuta.
Sukaldaritza aproposa
Bada, hori abiapuntu, bost astelehen eman dituzte Soraluzeko BHI Institutuan udalerriko bizilagunen jatorri aniztasuna lantzen. Eta hain justu, institutuko gazteek eurek erabaki zuten sukaldaritza erreminta aproposa dela errealitate hori erakusteko, eta halaber, ekimena gauzatzeko egokia dela aprobetxatzea Gaztañerre azokaren oihartzuna.
Jatorri eta genero aniztasuna aintzat hartuta, 12 ikasleko taldea sortu eta Aztikerreko begiraleek lagunduta hasi ziren antolatzen zapatuan egingo duten sukaldaritza lehiaketa. Horretarako ikaskideei zuzendutako gonbita egin, eta 50 gazte inguru animatu dira bertan parte hartzera.
Hori horrela, Gazteñerre azoka egunean, institutuko ikasleak goizean goiz hasiko dira nazioarteko errezetak prestatzen Plaza Berrian. 11:30erako amaituta izan beharko dituzte guztiak ere, orduantxe egingo dute-eta sari banaketa. Horren ondoren, herritarrak gonbidatuko dituzte prestatutako jaki gozoak probatzera.
Argazkiak: Aztiker eta Soraluzeko Institutua.