Indusketa-lanak Sabuako tumuluan

Ubane Madera 2019ko aza. 3a, 09:05

Aste honetan hasi dituzte Sabuako tumuluan indusketak egiten. Eguraldiak lagunduz gero, gaur, domeka ere, bertan segituko dute lanean Aranzadi Zientzia Elkarteko adituak boluntarioen laguntzarekin. Aurtengo azkeneko indusketak izango dira horiek.

Bukatzen dabiltza Dolmenen Ibilbideko aurtengo indusketa lanak. Sabuako tumulua induskatzen hasi dira aste honetan, eta datozen egunotan bukatuko dituzte lanak. Hain justu, tumulua garbitu eta kamera lokalizatu dute eta bertan sakontzen dihardute egunotan.

Aurkikuntzak

Sabuako indusketak izango dira Dolmenen Ibilbidean aurten egingo dituzten azkeneko lanak. Elosun hasi ziren lanean maiatzea Agerreburuko tumuluan, eta Irukurutzetan eta Frantsesbason ere jardun dute. Hilabeteotan, hainbat aurkikuntza garrantzitsu egin dituzte  trikuharriotan eta datozen asteotan emango dute haien berri.

Lanok Jesus Tapia Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoaren zuzendaritzapean egin dira, boluntarioen laguntzarekin, eta tartean izan dira hainbat soraluzetar ere. 

Argazkiak: Ramon Gallastegi.