"Nahiago dut ekologikoan lan egitea eta bezeroek ere bai"

Egoitz Unamuno 2019ko aza. 1a, 09:35
Itxasne Elizburu, etxeetara banatzen duen otarretako bat eskuetan duela. Argazkia: Fernan Oregi.

Itsasne Elizburuk orain dela bi urte erabaki zuen bere ortua jartzea eta barazkiak saltzeari ekin zion “ia konturatu barik”. Gaur egun, jatetxe eta dendaren batera saltzeaz gain, barazki-otarrak ere banatzen ditu. Aurten, “auzokoek konbentzituta”, postua jarriko du Gaztañerreko azokan.    

Baserrian hazi, gaztetan kalera eta berriz baserrira. 
Kalean beti jendearekin zaude eta hemen neure airera nabil beti. Nire etxea eraiki nuen baserrian eta ortuan hasi nintzen lanean. Orain ez naiz baserritik atera ere egiten. Baserriko lana gogorra da, baina nik ez dut soldatapeko lan arrunt moduan ikusten, bizitza da, eta gustura egiten dut. Neuk aukeratu dut eta neure esku dago. 

Noiz hasi zinen ortuan?
Serio, hogeita hamar bat urterekin. Ia konturatu barik hasi nintzen barazkiak saltzen. Gero, lagun batzuek proposatu zidaten otarrak egiten hastea eta azkenean engantxatu egin naiz. Oraintxe dihardut paperak egiten, agrariakoak eta abar.

Zenbat denbora eskaintzen diozu egunean?
Pare bat ordu. Eta landare asko sartu behar dudanean, gehiago; goiz edo arratsalde osoa.
Erabaki duzu ortuan pozoirik ez botatzea eta modu ekologikoan lantzea. 
Bai. Pentsatzen dut naturala hobea dela eta errazagoa egiten zait, baina horrek badu kostu bat. Aurten, esaterako, ez dut batere tomaterik jaso. Aurten, euli zuria, txindurri gorria… Denak etorri dira. Hala ere, nik nahiago dut ekologikoan jarraitzea eta nire bezeroek ere bai. Badakit produktua naturala dela eta lasaiago jaten dut. 

Zerk ematen du arazorik gehien? 
Azari kirtena jaten dion bolatxo bat sortzen zaio. Udan, azkonarrak hirurehun letxuga atera zizkidan! Konbibentzia... Kar kar kar! Orain, hesi elektrikoa ipini dut eta ez da sartzen. 

Nora saltzen duzu?
Orain jatetxe batera, kaleko denda batera eta sei etxetara eroaten ditut produktuak. Ahalegintzen naiz sasoian sasoiko barazkiak ekoizten eta salmenta zuzenaren bidez saltzen. Ortua handitu dut, baina eskaria handiagoa da eskaintzen dudana baino. Gainera, baserrian inoiz ez dakizu uzta zelakoa izango den. 

Posible ikusten duzu ortutik bizitzea?
Bai, otarra gehiago salduta, baina horretarako ortua handitu eta askoz lan gehiago egin behar.

Zela daroa jendeak sasoian sasoikoa kontsumitzea?
Jende nagusiarekin errazagoa da, ohituago daude. Gazteok beti nahi izaten dugu ez dagoena eta dagoenarekin aspertzen gara. Nik errezetak banatzen ditut beste era batzuetara kozinatzeko.

Etxean zela hartu zuten zure erabakia?
Oso ondo. Aitak asko laguntzen dit eta animatzen nau ortu gehiago jartzera.

Asko ikasi duzu gurasoengandik?
Norberak eginda ikasten da gehien.  

Zelakoa izan da aurtengo uzta?
Iazkoa baino eskasagoa. Eguraldia hobea izan da, baina gaitz gehiago etorri dira. Horien kontra vacilus turingensis erabiltzen dut, Jakoba Errekondok gomendatzen duen moduan. Bere irratsaioa entzuten dut eta bere bloga ere jarraitzen dut (bizibaratzea.eus). Hori bai, den-dena ez diot sinesten, eh! 

Aurten, lehen aldiz postua jarriko duzu azokan. 
Bai. San Andres auzoan badago talde bat Gaztañerre bultzatzen ari dena eta konbentzitu egin naute. Ni neu ez naiz postuan egongo lan egin behar dudalako. Ipiniko ditugu Itsasoiko barazkiak, gozoak eta lehengusinaren ogiak.

Zela ikusten duzu azoka?
Jendeak bertako produktua erosten duen egun bakarra da eta guk urte guztian dihardugu lanean. Bestalde, ikusten dut sariekin baserritarren arteko lehia bultzatzen dela eta hori ez zait gustatzen. Baserritar batzuk ez dira azokara joan, baina urteetan bajatu izan dira merkatura. Nire ustez, saritu beharrekoa egunerokoa da eta ez egun bakarrean postu polita jartzea.