Hildakoak gogoan

Ubane Madera 2019ko urr. 31a, 10:41

Egunotan herritar ugari dabiltza kanposantura joan-etorriak egiten. Bihar Domu Santu dela-eta, hildako senideen hilobiak, panteoiak eta nitxoak txukuntzen dihardute buru-belarri eta baita haiek lorez dotoretzen ere. Hain justu, bisitariei begira, astelehenera arte hilerria egunero egongo da zabalik.

Izen asko hartzen ditu biharko egunak: Santu Guztien Eguna, Domu Santu, Domu Santuru edo Omiasaindu. Fededunek santu baten jaieguna huts egin izana barkatzeko Urbano IV.ak kristauentzat ezarritako jaieguna da. 

Izenak izen eta izanak izan, Hego Euskal Herrian hilerrietara joateko ohitura nagusitu da egun horren bueltan eta bezperatan. Eta horrela ari dira egiten egunotan soraluzetar asko: kanposantura joan, familiako hilobia txukundu eta ondoren lorez dotoretu.

Lore bizidunak, loreontzietan ipinitakoak, plastikozkoak, lore zentroak… denetarik ipintzen dihardute egunotan, eta gehiago ipiniko dituzte, batik bat gaur eta bihar.