Azokarako azken ukituak

Ubane Madera 2019ko urr. 31a, 09:35
Baserritarrak eta artisauak martitzeneko batzarrean.

Asteon egin dute Gaztañerre azoka antolatzeko azkeneko batzarra udaletxeko areto nagusian. Oro har, aurtengo berritasunak errepasatu dituzte bertaratutakoek. Laburbilduz, azoka 10:00etan hasiko da, bost baserritar eta artisau bat gehiago izango dira, eta besteak beste, talorik ez da izango aurten, bai aldiz, saiheski pintxoak.

Gaztañerre azokan parte hartuko duten hainbat baserritarrek, artisauk eta Udaleko eta Debemeneko ordezkariak parte hartu zuten azokara begira egindako azkeneko batzarrean, martitzenean. Azokaren berritasun nagusiak errepasatu zituzten bertan: 10:00etan hasiko da aurten, ganadua 09:00etarako bertan izango da, eta azoka amaitutakoan ganaduzaleek errefortzua izango dute animaliak erretiratzeko.

Azokako gainerako saltzaileei dagokienez, haiekin koordinatuko da Udaltzaingoa, azoka amaitutakoan frontoian aparkatuta lagata dituzten ibilgailuak Erregetxera eraman ahal izateko, jakinda Etxaburueta kalea jendez lepo egoten dela eguerdi parte horretan.

Krokisa whatsappez

Bestalde, martitzenean aipatutakoen artean, gogora ekarri zuten aurtengo baserritar omenduak izango direla Ernizketa baserriko Lander Lakuesta Gorosabel (95 urte) eta Zeletako Maria Ariznabarreta Txurruka (94 urte). Horrez gain, gogoan izango dute aurtengo abuztuan zendu zen Guenetxetxo baserriko Mertxe Balzola ere, edizio guztietan barazki postua jarri izan zuena.

Eta azokako partaideei jakinarazi zieten whatsapp bitartez jasoko dutela saltokien banaketaren krokisa. Besteak beste, aurten bost baserritar gehiago izango dira bertan, eta hainbat postu lekuz aldatuko dituzte, guztiei lekua egiteko. Hori horrela, Erregetxeko etxebizitzaren aurreko aldean ere izango da aurten posturen bat, urtetan talo postua egon izan den lekuan, hain justu.

"Azoka baztertzailea"

Bestalde, bileraren amaiera aldera eztabaida piztu zen kanpoko saltzaileei Gaztañerre egunean Soraluzera etortzeko baimenak ukatu egin dizkietelako. Hori egin izanagatik, aurtengo Gaztañerre “azoka baztertzailea” dela salatu zuen Oier Zubizarretak, eta jakinarazi zuen berak ez zuela parte hartuko bertan.

Baserritarren batek zein bestek erantzun zioten esanez urtean behin bada ere, bertakoa bultzatzea besterik ez dutela nahi, eta bestelako herri batzuetan ere egiten dutela gauza bera. Iker Aldazabal alkateak gogora ekarri zion erabaki hori azoka antolatzeko bileran hartu zutela parte-hartzaileek eurek, eta horren helburua dela herritarrak zein bisitariak, guztiak erakartzea Erregetxera. "Ze bestelako edizioetan gertatu izan da kanpokoek zubian ipinitako postuak ikusi eta bertan erosi ondoren, herritar eta bisitari bat baino gehiago Erregetxeko azokara igo ez izana".