Bihar, urriak 31, eguena, Gau Beltza edo Animen Gaua ospatuko da Euskal Herrian eta Euskal Herriko Euskaltzaleen Topaguneak ekimena abiatu du euskal tradizioan horren errotua egon den gaua berriz ere ‘geure erara’ ospatzeko. Pil-pilean euskaltzaleen elkarteak bultzatuta, Soraluzen ere bat egin dute asmo horrekin eta Kukumixok, Ludotekak, Gaztelekuak eta Musika eskolak hainbat ekintza antolatu dituzte elkarrekin, beldur-gaua ospatzeko.
Miren Gallastegi Kukumixoko koordinatzailearen esanetan, “geurea den tradizioa berrasmatu nahi dugu eta eguneratu, gaztetxoendako erakargarri izango den forman, euskaratik eta euskaraz”. Izan ere, azken urteotan, Santu guztien bezperako gauak indar handia hartu du gurean, Estatu Batuetatik inportatutako Halloween ereduaren bidetik.
Mozorroak eta kantua gertu
Bide horri jarraituz, azken egunotan, herriko gaztetxoek Gaba Beltza prestatzen jardun dute Ludotekan eta Gaztelekuan; besteak beste, mozorro tailerrak egin dituzte bertako erara janzten erakusteko. Horretarako nahikoa dira: alkandora zaharra, fraka ilunak, lastozko kapela eta aurpegia izara zuri batekin estaltzea, begi zuloak eta ahoa beltzez margotuta (goiko argazkian agertzen den moduan).
Gainera, kantu bat ere egokitu dute Aitor Ziardegi musikari aretxabaletarrak sortutakoa baliatuz eta ikasi ere egin dute Domentx Uzin eta Nagore Sanz Musika eskolako irakasleek lagunduta. Gaur, bideoz grabatutako kantua mugikorren bidez zabalduko dute herri osoan.
Eskerako kantuak honela dio:
Oilarrak kukurruku ta astuak arrantza, zeozek aztoratuta jaiki dira antza (bis),
Arima zuriz bete da gure Gaba Baltza,
hildakuak ta bizixak dantza eta dantza! (bis)
Jatorrizko kantua: Aitor Ziardegi (Aretxabaleta). Moldaketa: Kukumixo.
Eskerako propsatu dituzten formulak berriz ondorengoak dira:
Saria ala ziria?
Xanduli, manduli, kikirriki..... eman goxokiak guri!
Hitzordua
Urriaren 31n, Plaza Berrian (euria bada, Frontoian), arratsaldeko 17:30etik 19:30era.
Osagaiak: Mozorro tailerra, sua eta beldurrezko musika.
Gonbidatuak: ume, guraso eta parte hartu nahi duen edozein.
Antolatzailea: Kukumixo aisialdi taldea.
Euskal tradizioa
Gaubeltza.eus webgunean jasotzen denez, “udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan Europa osoan egin izan dira heriotzarekin lotutako errituak, baita Euskal Herrian ere. Urtearen heriotza, uzta bilketa, hildako senideen oroimena… lotu izan dira barrura begirako ariketa horretan eta aldi berean, iluntasuna eta beldurra baliatu izan dira, jolaserako”.
Erritu horiek, modu batera edo bestera, ia gaur egunera arte mantendu dira: izara zuriak jantzita ateratzea, kalabazak hustu eta barruan kandelak jarrita ipintzea, arbiei aurpegia marraztea, anima galduen gaineko kontakizun beldugarriak kontatzea… Horiek ez dira berriak, eta bertako ikuspegia galtzeko zorian izan bada ere, azken urteotan, hainbat herritan abiatu dira tradizioa bersortzeko ekimenak: Mutriku, Aretxabaleta, Arrasate, Eibar, Lekeitio, Oiartzun…