Giro apartarekin agurtu zuten mendi denboraldia San Andresen

Ubane Madera 2019ko urr. 28a, 11:31

Eguraldi bikaina lagun, ederki asko borobildu zuen atzo, domeka, 2018-2019 denboraldia Soraluze Mendi Taldeko Guraso eta Ume taldeak. Mendi-buelta, finalista eguna, tirolina, pilota jarduna eta lagun arteko bazkaria egin zituzten, besteak beste.

Mendi taldeko kideak gustura asko ibili ziren atzo denboraldiko azkeneko hitzorduan. 8 mendi egin zituzten umeei eta gazteei dominak eta diplomak eman zizkieten. Haiek, noski, pozarren hartu zituzten.

Egun-pasa ederra

Horrez aparte, San Andres auzoko frontoi inguruan propio muntatutako tirolinan jaitsi ziren umeak eta baita guraso bat zein beste ere; pilotan ere jardun zuten, eta eguna borobiltzeko, sukaldari iaioek prestatutako babak zein makarroiak bazkaldu zituzten. Eguraldia lagun izan zuten, eta horrela, iluntzera arteko egun-pasa ederra egin zuten. 

Argazkiak: Oinatze Silbeti, Amaia Agirre eta Itziar Agirre.