Bizikleta martxa jendetsua Sebas Etxaniz eta Joseba Arregi presoak aska ditzatela eskatzeko

Egoitz Unamuno 2019ko urr. 28a, 10:14

Atzo, ehun txirrinduzale baino gehiagok egin zuten Elgoibartik Oñatirako bidea, adineko presoen egoera gizarteratu eta Sebas Etxaniz elgoibartarra (76 urte) eta Joseba Arregi oñatiarra (73 urte) aske laga ditzaten eskatzeko. 

Ehunetik gora herritarrek pedalei eraginez eskatu zuten atzo espetxe politika gizatiarragoa, adineko presoak aske laga ditzaten eskatuz. Martxa Elgoibarko plazatik abiatu zen eta Soraluze eta Bergara igaro zituen Oñatiko plazara heldu aurretik. Oñatiko plazan ekitaldia egin zuten eta, besteak beste, Sareko ordezkariek eta senideek berba egin zuten bertan. 

Sareren izenean, Joseba Azkarragak eta Pili Garciak hartu zuten hitza. Biek ala biek, sakabanaketa politika amaitzeko beharra azpimarratu zuten, "injustua delako" eta "presoen senideei zuzen-zuzenean eragiten dielako". Ekitaldian, lore sorta bana eman zieten Etxanizen eta Arregiren senideei, eta hauek eskerrona adierazi zuten jasotako babesarengatik:"Zuen babesak eta maitasunak aurrera egiten laguntzen digute" adierazi zuen Joseba Arregiren emazteak.

Sareko kideek jakinarazi zutenez, Etxanizek, uztailean bete zituen kondenaren hiru laurdenak, eta ordutik aske behar luke. Arregik, berriz, Frantzian bete zituen kondenaren lehen urteak, eta horiek kontuan hartuz gero, Sareren ustez, aske egon beharko luke. Hala ere, Estrasburgoko epaiak zigorrak ez batzeko aukera ontzat eman zuenez Arregik preso jarraitzen du eta oraindik ere beste zortzi urteko kartzela zigorra du betetzeko. Sarek salatu duenez, "bi kasuetan heriotzara arteko kartzela zigorrak ezartzen ari dira".

Une honetan, Etxaniz Asturiasko kartzelan dago, Elgoibartik 373 kilometrora, eta Arregi, berriz, Alicanten, Oñatitik 720 kilometrora.