Erantzukizun Politikoen Legearen aplikazioak, bestalde, arazo handiak ekarri zituen, espediente kopuru handia sorrarazi baitzuen. Horregatik, lege berriak sortu ziren espedienteen tramitazioak eta zigorrak arintzeko. Lurraldeko audientziek berrikusi zituzten Gerra Kontseiluek 1936tik eta 1940ra emandako sententziak, heriotza zigorrak izan ezik. Hortik aurrera Gerra Kontseiluak berak berrikusi zituen.
Ondorioz, urte batzuen buruan zigor asko bertan behera geratu ziren, esate baterako, 1941ean 12 urteko kartzela zigorra betetzen ari zirenak indultatu zituzten, eta 1943an 20 urte bitartekoak. Eta horrela islatzen dute 1942 eta 1943 urteetako (edo hortik aurrerako) soraluzetar askoren zigor espedienteek.
Aurrez azaldutako hori guztia errepresio eta konfiskaziorako tresna izugarria bilakatu zen, jazarpen eta zapalkuntzarako aitzakia ematen zuena, “galtzaileak” zanpatu eta isilarazi arte.
Espedienteen ondorioz era honetako zigorrak ezarri ziren: fusilamendua, kartzela zigorra, kontzentrazio-esparruak edota lan-batailoiak, atxilotuari leporatutako karguaren arabera. Hala, iraultza karguak heriotza edo kartzela zigorra ekar zezakeen; erregimenarekiko desafekzioak (errejimenaren kontrako pentsaerak), berriz, kartzela zigorra eta kontzentrazio-esparrua zekarren, epaitu gabe.
Esklabutza-lanak
Kontzentrazio-esparru horietan, Lan Eginez Zigorra Ordainzearen Sisteman oinarrituta, lan-batailoiak osatzen zituzten azpiegituren eraikuntza-lanak burutzeko (errepideak, trenbideak...), epai eta deliturik gabeko esklabutza lanaren bidez.
Sistema hark 1937tik 1940ra iraun zuen lehenengo (BBTT), eta 1940tik 1942ra gero, modalitatearen luzapenarekin (BDST). Ezarritako zigorra bete ondoren, gainera, zerbitzu milita- rra bete behar zuten, beste hiru urtez. Luzapen horren adibide da Angel Alberdiren txostena, San Juan de Mozarifar kontzentrazio-esparrutik, gero Deustuko kontzentrazio-esparrua eta handik lan-batailoietara pasatu zena.
Hiru egun bagoietan
Gerardo Ezenarro, esaterako, gudari ibili eta Santoñan preso hartu ostean, lan-batailoira bidali zuten, Florentino eta Demetrio Erzilla anaiekin batera.
Deustuko unibertsitatean hainbat hilabete pasatu eta gero, Norteko trenean sartu zituzten, soldadu pila baten eta guardia zibilen zaintzapean. Hiru egun eta hiru gau egin omen zituzten nora zoazen jakin gabe, abereentzako bagoietan, behin eta berriz kontatzen zituztelarik.
Legioan tankeak konpontzera eraman zituzten Teruelera. Frontetik urrean ibiltzen ziren beti, 20 kilometrotara. Jausitako tankea traktore handi batekin atera, frontetik atzeratu eta hura konpondu. Horixe izan zen haien beharra. Etxeratutakoan, guardia zibilek dokumentazioa konfiskatu zioten kuartelera joanarazi ostean.