"Gorputzeko edozein ataletan gertatzen denak eragina dauka gorputz osoan, gorputza bat delako"

Ubane Madera 2019ko urr. 26a, 10:57

Eider Unamuno Gandiaga. Argazkia: Fernan Oregi.

Eider Unamuno (Soraluze, 1979) Gertu Osasun Zentroko zuzendaria da. Aditua da odontologia funtzionalean, oklusioan eta posturologian. Eta ondokoa nabarmentzen du: ahoa tratatzeko, pazientearen gorputz osoari erreparatzen diotela. Artikuluak ere publikatu izan ditu ideia beraren inguruan.

Egia da gaitz kroniko asko arindu edo osatu ahal ditugula ahoko osasuna zainduta?

Bai. Ikusi behar dena da gaitz kroniko horien jatorria ahoan dagoen ala ez. Ahoan badago, konpon dezakegu, bestela ez. Baina uste baino gehiagotan egoten da ahoa gaixotasunaren jatorrian. Horrela den ala ez jakiteko, testa egiten dugu gure kontsultan. 

Ipini adibide bat, mesedez.

Alde bakarreko mastekazioa dagoenean edo ahoaren alde bat bestea baino gehiago erabiltzen denean, jateko erabiltzen ditugun muskulu horiek garatuago egoten dira, eta sor daitezke sorbaldako minak, bizkarrekoak edo baita eskoleosia ere, alde batetik tiraka gabiltzalako uneoro. Horrez aparte, kirolarietan lesio gehiago azal daitezke. Erraz ulertzeko beste adibide bat izan litezke urdaileko arazoak, ahoa delako sistema digestiboko lehen atea, eta jatekoa ondo txikitzeko gai ez garenean sor daitezke haizeak, bihotzerreak… eta migrañak, bertigoak eta beste ere bai. 

Kirolarietan lesioak azal daitezke?

Alde bakarretik mastikatzen denean, alde horretako gorputz erdia gorago dago eta gorputzaren pisua beste aldean jartzen da. Eskumatik jaten badute, kirolariek ezkerreko hankan izaten dizute lesioak. Kontsultan ariketa batzuk eginarazten dizkiegu, zuzentzeko.  

Badiozu beti albo berera begira lo egitea ez dela batere ona; zergatik?

Batez ere hazten dauden umeetan. Orduak pasatzen ditugulako lotan eta da goiko masailhezurra konprimitzen egongo bagina moduan. Horrek ekar ditzake hozkada gurutzatuak. 

Egia da helduok berreskura dezakegula galdutako orekaren zati handia ahoa zainduta?

Ahoari esaten zaio dela perturbadore handia, ahoko informazioa jasotzen duen nerbio batengatik (Nerbio Trigeminoa). Nerbio hori gorputzeko egitura askotara ailegatzen da, eta hori alteratuta badago, informazio okerra helaraziko die gainerako atalei. 

Tratamendu multi-disziplinarra defendatzen duzue; zer da hori?

Gorputzeko edozein ataletan gertatzen den gauza batek eragina dauka gorputz osoan, gorputza bat delako. Dena da bat. Hortaz, guk defendatzen duguna da, adibidez, paziente batek oinetan plantillak behar baditu, ahoan aparatoa behar badu eta begietan betaurrekoak, ba halakoetan ikusi behar dela zein den gorputzari kalterik handiena egiten dion gaitza, eta hortik hasi behar dela tratatzen; eta ahalegintzen gara tramenduaren denbora murrizten eta tratamendu ahalik eta eraginkorrenak ematen. 

Zuena moduko mezuak, baina, ez dira oso ezagunak…

Izan ere, ahaztu egin zaigu gorputza bat eta osoa dela. Esaterako, auto batek arazoa badu erruberetan ulertzen dugu horrek eragina izan dezakeela, adibidez, ejean. Aldiz, gorputzari dagokionez, ahaztuta dugu ikuspegi orokor hori. Eta adibidez, orkatilean bihurritua egin eta ezin bazara ondo ibili, gerriraino ailegatuko zaizu laster mina. Baina egia da unibertsitatean ere ez digutela ikuspegi orokor hori erakusten. 

Horregatik argitaratu dituzu artikuluak? Non?

Sare sozialetan idazten hasi ondoren deitu zidaten. Orain arte azaldu naiz AS Dental Science-n, ABCn, El Paisen hiru aldiz eta Mujer y Salud aldizkarian. Eta laster beste batzuetan ere azalduko naiz.

Gomendio orokorren bat emango zenuke?

Umeei begira hainbat helaraziko nituzke: titia emateko ahal edo nahi beste, hori da ahorako gimnasiarik onena; jan dezatela hasieratik erdi solido, eta eurei laga diezaietela eskuekin jaten; lurrean ibil daitezela, mugimendu librearekin; lo egiteko orduan aldatzen joatea alde batera edo bestera, eta haien arnasa zaintzea, sudurretik hartu behar dute. Eta zela ez, mastekatzean bi aldeak erabiltzen dituela ziurtatzea. Alergikoek, asmatikoek… eta arnasa gaizki hartzen dutenek alde bakarretik mastekatzen dute. Oro har, esango nuke jateko ahalik eta elikagairik gogorrenak; gaur egun oso dieta biguna dugulako.