Ederki sukaldatu eta bapo jan zuten haragi gisatua

Ubane Madera 2019ko urr. 23a, 17:22

Urtero moduan, erabateko arrakasta izan zuen Itxaropena Erretiratuen Elkartean egindako haragi gisatu lehiaketak eta ondorengo bazkariak. 100 lagun pasa elkartu ziren mahaiaren bueltan, goizean terrazan goxo-goxo prestatutako haragi gisatua bazkaltzeko. Lehiaketari dagokionez, Porfi Casas eta Arantzazu Alberdi izan dira aurtengo irabazleak.

Goizeko freskurarekin batera hasi ziren haragi gisatu lehiaketarako lapikoak berotzen, atzo, Itxaropenako terrazan. Sustoren bat zein beste izan arren, (txiskero bat lehertu zen eta lapiko batek ia su hartu zuen), segituan ipini zuten bor-bor haragi gisatua, bikote bakoitzak etxetik ekarritako sekreturik onenekin. 

Alberdi eta Casas irabazle

13:30erako gertu zituzten zituzten lapiko guztiak, bazkaltzen hasi aurretik, epaimahaiak dasta zitzan, ondorengo sari-banaketarako. Haren erabakiz, Arantzazu Alberdik eta Porfi Casasek prestatu zuten gisaturik onena. Edozein modutan, gainerako sukaldariak ez ziren atzean geratu, eta bikote guztiek egindakoa gustura asko bazkaldu zuten ondoren 100 lagun pasak. 

Zazpi bikote

Hain justu, honako bikoteek parte hartu zuten atzoko lehiaketan: Mari Karmen Zarrabek eta Maria Luisa Alberdik;  Arazeli Maiztegik eta Natalia Sanjosek; Maximina Gomezek eta Loli Benitok; Roberto Zarobek eta Crecenciano Hernandez Chanok; Pedro Mari Garitanok eta Jose Luis Perezek; Maria Luisa Martinek eta Aurelia Gonzalezek eta Arantzazu Alberdik eta Porfi Casasek.