Autobusa ez atzera eta ez aurrera

Ubane Madera 2019ko urr. 23a, 11:29
Autobusa zubian trabatuta.

Nekez ibili da Eibarrera doan autobusa Zubi Nagusian buelta eman ezinda. Gidaria nahastu egin da, eta Olatik jo beharrean, zuzenean sartu da zubira. Jakina, handik ezin izan du aurrera egin, bidea itxita dagoelako, eta 15 bat minutuan ibili da maniobrak egiten, herritar asko ikusmiran zituela. Udaltzaingoak eta Udaleko lan-taldeak gidatuta lortu du buelta ematea.

Balkoia batean, loreontzia bestean eta atzean seinalea zituela, nahikoa lanekin ibili da Lurraldebuseko autobusa Zubi Nagusian buelta emateko. Ezustean ailegatu da bertara, Errabaletik aurrera eginda, Olatik jo beharrean. Eta hantxe, Zubi Nagusian aurkitu du aurrera egiteko bidea itxita.

Hori horrela, eta Udaltzaingoaren eta Udaleko lan-taldeko kideek lagunduta, maniobratan jardun du 15 minutu pasaz; loreontzi bat mugitu behar izan dute autobusaren maniobrei lekua egiteko. Seinalea jo du, baina bota barik. Eta segi eta segi, azkenean lortu du buelta ematea. Orduan, atzera ere Errabaletik bideratu dute autobusa, kontrako noranzkotik, alegia, Olatik igota har dezan Eibarrerako bidea.