Bergarako Musika Bandak kontzertua eskainiko du Osintxun, bihar

Ubane Madera 2019ko urr. 19a, 10:15
Enrike Txurruka banda zuzentzen. Argazkia: Goiena.

Bihar, domeka, kontzertua eskainiko du Bergarako Musika Bandak Osintxuko pilotalekuan, 12:30ean. Eta bertaratzeko gonbita helarazi dute soraluzetarrendako, Osintxurekiko gertuko harremanaz aparte, Bergarako Musika Bandako zuzendaria Enrike Txurruka soraluzetarra delako.

Bost piezaz osatutako ordubete inguruko kontzertua eskainiko du bihar Bergarako Musika Bandak Osintxuko frontoian.

Estilo askotarikoak

Denetariko estiloko doinuak izango dira, tartean, Oskorri, Benito Lertxundi eta Gorka Knörr moduko euskal kantarien musikarekin osatutako Iñaki Urkizuren Dantzaldia pieza, 32 urtez bandako zuzendari izan den Alfredo Gonzalez Chirlaqueren Beti lagunak martxa zein bossa-nova eta jazza nahasten dituen Desafinado obra.

Hain justu, honako errepertorioa landu dute kontzerturako:

  • Beti Lagunak (1984)- Alfredo Glz. Chirlaque
  • Algona Overture (2004)- Jan Van der Roost
  • Water Music (1717) - Georg Friedrich Händel-  Allegro (Suite N.1 Fa M) / Air (Suite N.1 Fa M) / Hornpipe (Suite N.2 Re M)
  • Dantzaldia (c.2000)-  mold: Iñaki Urkizu-  Biarritz (Oskorri) / Katalintxu (Gorka Knörr) / Bizkaia Maite (Benito Lertxundi) / Gu Nagusi (Xabier Madina) / Azken Txanpa (Urko)
  • Desafinado (1958)-  Antonio Carlos Jobim (mold: Naohiro Iwai)

Hiruzpalau urtetik behin eskaintzen ditu Bergarako Musika Bandak auzoetan kontzertuak, eta testuinguru horretan kokatuko da bihar Osintxuko frontoian eskainiko dutena.