36ko gerra Soraluzen

Santanderreko gertakariak

Erredakzioa 2019ko urr. 19a, 08:30

Presoak lanean, El Dueso kartzelan. Argazkia: F. Sanjuan Bravo.

Italiarrak eta Francoren tropak Laredon eta Santoñan sartu ondorengoekin segitzen du Isiltasuna Hausten liburuko gaurko kontakizunak.

Iñaki eta Nikanor Iñurrietak eman zuten gertaera hartan bizitakoen berri. Saseta eta San Andres batailoiek bat eginda, Nikanor Iñakirekin batu eta frontean ibili ziren biak Bizkaia eta Kantabriaren arteko muga inguruetan. 

Santoñan entregatu eta preso hartu zituzten, ez baitzeukaten handik ihes egiterik. Gudariak Laredora eraman zituzten ha- mabost bat egunerako. “Konejoak moduan alanbradurak ipini jittuen. Eta plaian haintxe".

Mirandara

Anaia biak egon ziren han. Hasieran italiarrekin eta konforme baina gero nazionalak etorri ziren eta lapurretan ere egin omen zieten. Handik talde handi bat (bederatzi mila lagunetik erdia inguru alde eginda zegoen ordurako) Mirandara eraman zituzten trenez, Iñaki eta Nikanor tarteko. Barrakoiak eginarazi zizkieten han eta oso tratu txarra jaso zuten. Handik presoei buruzko txostenak eskatzen hasi ziren jaioterrietara. 1937ko irailaren 26an heldu zen etxera Nikanor. 

Hilabete batzuez Sacian lanean aritu ostean, kintoak deitu zituzten eta soldadutzara joan behar izan zuen. Hortaz, gerrara joan zen berriro ere baina oraingoan nazionalekin derrigorrean. 

Iñaki, ostera, hemezortzi urteak beteak zituenez, Mirandatik San Pedro Cardeñasera joan zen eta hurrengo egunean San Juan de Mozarrifara. Han langileen batailoiak osatu zituzten eta 22.ean tokatu zitzaion. Fronteko lehen lerroan trintxerak eta bideak egiten aritu zen “a pico y pala!”. 

Hiru egun jateke

Santanderreko defentsan geratu ziren gainontzeko batailoietako miliziano gehienak ere preso hartu zituzten nazionalek abuztuaren 26an hiria hartu zutenean. Santanderretik irtetzea lortu zuten beste gutxi batzuk, berriz, Errepublikaren armadan borrokatuz gelditu ziren fronteetan eta Asturiaseruntz jarraitu zuten, hiru batailoik (Guipuzcoak, Larrañagak eta Isaac Puentek) eta solda- du banaka batzuk, hain zuzen ere. 

Justino Gabilondo: (Laredon) "Andrak hasi jakuen ez dagola deretxorik hortarako, jentia jateke eta ezebe barekan. Hiru egunian euki ginttuen jateke. Halako baten, andrak soldauekin barriketan diharduela ihes egin neban nik. Handik pixkatera beste batek hanka egin. “Eta oin ze egin bihar juagu ba ?” Dirua bagenekan poltsilluan (Euzkadiko dirua), baina kortatu egin zeben, diruak balio ez. Bakarrik geratu nintzanian, berriro barrura (kartzelara) sartu nintzan lagunengana. Hantxe geratu nitzan".