Adibidez, udalerriko Zubi Nagusia bisitatu dute goizean bertan izan ziren J.A. Mogel Ikastolako ikasleek. Eta arreta eman die bertan iturria dagoela eta autoak aparkatuta daudela ikusteak; “Eibarren ez dago halakorik”, esplikatu dute. Soraluzeko eliza inguruan ere ibili dira; eta Interneten ikasitakoa bertan ikusi ahal izan dute: harri bolkanikoak.
Horrez aparte, besteak beste, hamarretakoa egin dute udalerrian, harik eta Mutrikurako bidea hartu arte. Izan ere, Eibarko Iturburuko ikastolako ikasleek Debabarrenari eta bertako udalerriei buruzko ikasgaia landu dute ikastetxean, eta gaur, txangoa baliatuta, ikasitakoa ikustera etorri dira. Ikusi dute, adibidez, Soraluze herri industriala dela.
Edozein modutan, askok lehenagotik ere ezagutzen zuten Soraluze. “Eskubaloian jokatzera etorri izan gara!”, kontatu du batek; “Nire birramona hemengoa da!”, beste batek; “Nik Soraluze ezagutzen dut EH Sukarrak hemen eskaini zuelako lehen kontzertua!”, esplikatu du hirugarren batek.