Pentsioen aldeko Soraluzeko ahotsa ere eraman dute Madrilera

Ubane Madera 2019ko urr. 16a, 18:48

Pentsio publiko duinak aldarrikatu dituzte milaka pertsonek gaur Madrilen, eta tartean izan da Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkaritza ere. Besteak beste, Kongresuan erregistratu dituzte mugimenduaren proposamenak, tartean KPIren araberako igoera eta 1.080 euroko pentsioak. (Argazkiak: Nikolas Morillo)

Gaur goizean Madrilen “demaseko jendetza” zegoela nabarmendu du, besteak beste, Nikolas Morillo soraluzetarrak. Euren kabuz bertaratu dira Soraluzetik bera eta Isa Aranberri, eta Estatuko hiriburuan elkartu dira ingurutik joan diren herritar ugarirekin, “autobusa-bete etorri da Eibartik; eskualdeka etorri dira”, gaineratu du Morillok; eta noski, bertan elkartu dira irailaren 25ean Bilbotik eta Rotatik (Cadiz) abiatu ziren oinezkoen martxakoekin. 

Kongresuan erregistratu

Puerta del Soletik abiatu dira manifestazioan, ikurrinak eta pankartak eskuetan. Gobernatzen duenak gobernatzen duela, pentsio publikoak defendatu izan da erabili duten lelo nagusia, eta horrela, manifestazioan iritsi dira Kongresuraino, eta bertan pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapen nagusiak jasotzen dituen dokumentua erregistratu dute. Besteak beste, pentsioen balioa handitzea KPIren arabera eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea.