Akordioa lortu dute Tecmanen

Ubane Madera 2019ko urr. 16a, 15:23

Tecman enpresako langileak Mendaroko Ospitalearen kanpoko aldean. Argazkia: LAB

105 egun greban egin ondoren, akordioa lortu dute Debabarreneko osasun zentroen mantenuaz arduratzen den Tecman enpresan. LAB sindikatuak azpimarratu du “borroka eta mobilizazioen bidez” lortu dutela “lan baldintzak duinduko dituen akordio hau”. 

Debarroko LAB sindikatuak jakinarazi du akordioa lortu dutela Tecman SVA SL enpresan; gainera, helarazitako xehetasunen arabera, “langileen eskaera guztiak jasotzen” ditu hark.

Adostutakoa

Hain justu, honako bost puntuok adostu dituzte, “lan erreformaren aurrean blindatuta dagoen itunaren” baitan:

  • KPItik gorako soldata igoerak.
  • Guardiak borondatezkoak izango dira. Gainera, egitea erabakitzen duten langileek gehiago kobratuko dute guardiengatik.
  • Aldi baterako 3 kontratu mugagabe bihurtuko dira.
  • Aldi baterako ezintasun guztiak, bai arruntak eta baita lanetik eratortzen direnak ere, %100raino osatuko dira.
  • Larunbatak eta igandeak 1:20 eta 1:40ra konpentsatuko dira, hurrenez hurren.   

"Borrokaren bidez"

LAB sindikatuak “txalotu” egin du protestak iraun duen bitartean Tecmaneko langileek  “erakutsitako konpromisoa eta elkartasuna”, uste duelako “borroka eta mobilizazioen bidez” lortu dutela “lan baldintzak duinduko dituen akordioa”. Halaber, sindikatuak eskerrona helarazi die “babesa” erakutsi dietenei, “bereziki Mendaroko Ospitaleko langileei”. 

Eskualdeko osasun zentroen mantenuaz arduratzen da Tecman enpresa, tartean, baita Soraluzeko anbulatorioan egin beharrekoez ere. Hala, hilabeteotan behin baino gehiagotan helarazi dituzte euren protestak eta haren arrazoiak baita Soraluzera ere. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.