'Mami Lebrun', “ikuslea hunkitzea” lortzen duen antzezlana barikuan antzokian

Ubane Madera 2019ko urr. 15a, 12:20
Kepa Errasti eta Ane Pikaza antzezlanaren une batean. Argazkia: Xake Antzerki Konpainia.

Barikuan Mami Lebrun antzezlana eskainiko dute antzokian, gaueko 22:15ean. Heriotzaz diharduen antzezlana da, baina umorez eta musikaz lagundua. 2018an Donostia Saria eman zioten eta epaimahaiaren arabera, antzezlanak “ikuslea hunkitzea lortzen du”. Dagoeneko, Xake konpainiak 30 emanalditik gora eskaini ditu. 

Obrak kontatzen du bi iloba eta amonaren arteko istorioa. Egoitz eta Miren hil berria den amona Kontxari omenaldia prestatzen ari dira eta amonaren etxeko ganbaran bere egunerokoa aurkitzen dute, bertan, Kontxak gaztetan Pariseko Cabaret batean bizitakoak kontatzen ditu. Horixe izango da omenaldiaren ardatza. Hala ere, Egoitzek Mireni kontatu ez dion sekretu bat dauka ... 

Honela baloratu zuen Mami Lebrun XVIII. Donostia Antzerki Saria eman zion epaimahaiak: “Elementu asko uztartzen asmatu dute: dantza, musika, umorea, hunkigarritasuna, hurbiltasuna... Euskararen erabilerari dagokionez, lan biribila da, besteak beste, pertsonaiak bereizteko euskalki desberdinak erabili dituztelako”.

Antzezlana Getari Etxegaraik zuzendu du eta Ane Pikazak, Kepa Errastik eta Ainara Ortegak dihardute aktore lanetan.

Hitzordua, barikuan, 22:15ean, antzokian. 

Zozketa

Plaentxia.eus-ek antzezlana ikusteko bost sarrera zozkatzen ditu. Parte hartu eta irabazi sarrera parea!