Bihar, Debabarrenera ailegatuko da egoitzetako langileen martxa

Ubane Madera 2019ko urr. 15a, 11:35
Egoitzako langileak protestan atzo, Villabona-Tolosa inguruan.

Soraluzeko egoitzan greban diharduten langileak atzo Tolosa-Villabona inguruan ibili ondoren, bihar (eguaztena), Eibar-Elgoibarko martxetan parte hartuko dute. ELA sindikatuak gogora ekarri du 110 egun daramatzatela greban “lan hitzarmenaren alde”. Zapatuan bukatuko dute azken greba deialdi hau.

Gaur, martitzena, Errenterian dute hitzordua Gipuzkoa osoa zeharkatzeko martxa inguru hartan ibiliko da-eta. Bihar, berriz, Debabarrenera etorri eta Eibar lehenengo eta ondoren Elgoibar zeharkatuko dituzte. 

Udal Gobernuei

Hain justu, 10:30ean hasi eta 13:00ak arte ibiliko dira gure eskualdean protestan: Eibarren 10:30ean Untzaga plazan hasiko dira eta Egogain egoitza aurrean amaituko dute eta Elgoibarren, aldiz, 12:00etan San Lazaro egoitzan hasi eta bertan amaituko dute.

Martxa horietan Udal Gobernu bakoitzari dokumentu bat helaraziko diete “gatazka konpontzeko baliabideak jartzeko eskatuz eta haiek zuzenean interpelatuz”. Horretarako, herri bakoitzeko egoitzetako ordezkariek dokumentua erregistratuko dute kasu honetan Eibarko eta Elgoibarko Udaletxeetan.

Oraingoz, egoitzako langileek egingo dituzten azken protesta egunak dira egunotakoak, ze barikuan Donostian bukatuko dute Gipuzkoa osoa zeharkatuz egiten dabiltzan martxak, eta zapatuan bukatuko da, berriz, irailean abiarazi zuten greba.