Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, Soraluzen ere herritarrak plazara atera dira Kataluniako buruzagi independentistei elkartasuna adierazi eta epaia salatzera. Bilkura zaratsua izan da. Hainbat herritarrek lapikoak astinduz eta txilibitua joz jardun dute elkarretaratzeak iraun duen ordu erdian.
Ekitaldiaren amaieran, Gure Eskuko bi ordezkarik 'Erreferenduma ez da delitua' izeneko komunikatua erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak kaleratu duen komunikatua irakurri dute. Besteak beste, salatu dute epaiketa “funtsik gabeko akusazioetan” oinarritu dela, eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak “urratu” dituztela, “Nazio Batuen Erakundeko Atxiloaldi Arbitrarioei buruzko lan taldeak salatu duenez”.
Onartezintzat jo dute oinarrizko eskubideak eta horien artean erreferenduma “kriminalizatu” izana: “Erreferenduma kriminalizatu du Espainiako Auzitegi Gorenaren epai honek. Ez gaude ados. Erreferenduma tresna demokratikoa da, herri edo komunitate baten etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko balio duena. Etorkizuna erreferedum bidez erabakitzea eskubide demokratiko bat da. Euskal Herrian, legeztatuta ikusi nahi dugu, eta erabili nahi dugu”. Ildo horretan, Gure Eskuk gogorarazi du erabakitzearen aldeko herri ekimen bat lantzen ari direla hainbat eragilerekin.
Zapatuan manifestazioa Donostian
Epaia salatzeko mobilizazioei dagokionez, Gure Eskuk jakinarazi du zapatu arratsaldean manifestazioa egingo dela Donostian eta dei egin die soraluzetarrei bertan parte har dezaten. Manifestazioaren xehetasunak ezagutu bezain laster, herritik autobusa antolatuko dute eta herritarrek datozen egunetan eman ahalko dute izena ohiko lekuetan.
Gure Eskuren batzarra bihar
Bihar arratsaldean, Soraluzeko Gure Eskuk urteko batzarra egingo du herriko antzokian. Batzarrean hizpide izango dituzte lanurte berrirako dituen asmoak eta baita Kataluniako epaia ere. Batzarra, 19:00etan hasiko da.