Soraluzeko jubilatuen ordezkariak ere izango dira Madrilen

Ubane Madera 2019ko urr. 14a, 19:16
Eguerdiko elkarretaratzea.

Etzi, eguaztena, manifestazio erraldoia egingo dute Madrilen pentsio publikoak aldarrikatzeko. Estatuko hainbat puntutatik bertaratuko dira oinezko martxak, irailean abiatu zirenak, tartean Bilbotik. Eta hain justu, manifestazio hartara bertaratuko dira bi soraluzetar. Halaxe jakinarazi dute gaur eguerdiko elkarretaratzean. 

Astelehenero moduan elkartu dira gaur Plaza Berrian “pentsio publiko duinak” aldarrikatzeko. 80 bat herritarrek babestu dute gaurko deia eta tartean jakinarazi dute bi soraluzetar abiatuko direla Madrilera, eguaztenean bertan egingo duten manifestazioan parte hartzera. 

60.000 baino gehiago

Horrez aparte, gogora ekarri dute, besteak beste, eguenean dela Pobrezia Ezabatzeko Nazioarteko Eguna, eta zentzu horretan jakinarazi dute “Euskadin pobrezia egoeran 60.000 pertsona baino gehiago” daudela “inongo babes sozial sistemaren babesean ez daudenak”. 

“Emakume pentsionista izateak edota pentsiorik gabekoa izateak, edota alarguntza pentsioduna izatea berak pobreziaren atarian kokatzen gaitu zuzenean, eta batzuetan, atari horren azpitik. Larritasun sozial baten aurrean gaude. Ezinbestekoa da emakumeak kalera ateratzea, bakarrik gu entzun eta ikusten gaituztenekin hitz egiten dutelako gutaz, eta hau edonon geratzen da”, salatu dute.