Elkarretaratze "zaratatsua" deitu dute Kataluniako auziaren epaia salatzeko

Ubane Madera 2019ko urr. 14a, 12:27
Kataluniako buruzagiak eta bakoitzari ezarri dieten zigorra. Argazkia: Goiena.

Gure Esku Dagok elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako, Kataluniako “buruzagi sozial eta politiko subiranistei” ezarri dieten zigorrak salatzeko: “Guztionak diren eskubide zibil, politiko eta kolektiboen kriminalizazio hau onartezina da!”. 19:00etan da hitzordua, Plaza Berrian.

Espainiako Auzitegi Gorenak 9 eta 13 urteko kartzela zigorrak ezarri dizkie  2017ko urriaren 1eko Kataluniako erreferenduma antolatu zuten 12 buruzagi katalanei. Hain justu, 9 laguni kartzela-zigorra ezarri die eta beste hiruri isuna “desobeditzeagatik”. 

Soraluzeko Gure Esku (GE) ekimenak, epai hori “onartezina” dela iritzita,  herritarrak seitu ditu gaur arratsaldeko 19:00etan Plaza Berrian protesta zaratatsua egitera. Horrekin batera, Euskal Herri mailako Gure Esku-k deituta, zapatuan mobilizizazioa egingo da Donostian. 

"Larrialdi demokratikoa"

Epaiaren berri izan ondoren, Gure Esku-k salatu du “larrialdi demokratikoa” bizi dugula, eta egoera “kalean salatu” beharra azpimarratu du. “Beldurturik eta etsirik nahi gaituzte. Baina oker daude. Gure etorkizuna erreferendum bidez erabakitzeko bidean ez dugu atzera egingo”, adierazi dute.

Soraluzen moduan, Euskal Herriko gainerako udalerrietan ere deitu dituzte mobilizazioak.