Atzotik abian da gripearen aurkako txertatze-kanpaina

Ubane Madera 2019ko urr. 15a, 09:16

Txertoa jartzen. Artxiboa.

Osakidetzak atzo, urriaren 14an abiarazi zuen gripearen aurkako kanpaina. Gomendioa da 65 urtetik gorakoek, haurdun daudenek eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek txertoa hartzea. Horretarako, 943 75 23 00 telefono zenbakira deitu behar da, aldez aurretik txanda hartzeko.

Atzo, astelehena, hasi eta sei astez luzatuko da 2019ko gripearen aurkako kanpaina. Izan ere, orain hasi eta apirilera arte du indarrik handiena gaixotasun infekzioso horrek. Ohi moduan, txertoa dago zuzenduta honako arrisku taldeei:

  • 65 urtetik gorakoak
  • Haurdunak
  • Gaixotasun kronikoak dituztenak: diabetesa, bihotz-biriketako gaixotasunen bat, obesitate morbidoa, giltzurruneko gaixotasuna, inmunosupresioa dutenek…
  • Osasun arloko profesionalak

Txanda hartu

Txertoa hartzeko Soraluzeko anbulatoriora jo behar da osasun txartelarekin, hori bai, aldez aurretik txanda hartuta. Bestalde, eta berritasun modura, aurten aurpegia babesteko maskarak egongo dira anbulatorioko itxaron-gelan.

Txertoa jartzeko unea da eta badakizu leloa duen kanpainaren helburua da arrisku-taldeetako pertsonen banakako osasuna babesteaz gainera, osasun kolektiboa babestea. 400.000 dosi pasa eskuratu ditu Osakidetzak EAEko beharrei aurre egiteko.  

Bestelako neurriak

Txertoa hartzeaz aparte, prebentzio-neurri jakin batzuk hartzea ere gomendatu du Osakidetzak, besteak beste: erabilera bakarreko zapiak erabiltzea, eskuak sarri garbitzea edo eztul edo doministiku egitean ahoa estaltzea.

Osakidetzak helarazitako datuen arabera, iaz 1.662 lagun ospitaleratu zituzten gripearen eraginez; horien artean, 435 pertsona larri egon ziren eta 79 hil egin ziren.