Bilbo jausi ondoren, batailoi batzuek Santanderrerako bidea hartu zuten, eta beste batzuek armak utzi eta amore eman behar izan zuten, Bilbon, Barakaldon… Horrela, batailoiak berrantolatuta eta kopuru txikiagoan Santanderreruntz jarraitu zuten; beraiekin batera baita zibil batzuek ere.
Enkarterrietan, Turtziozen, eman zuen Agirre lehendakariak agurreko adierazpena erbestera joan aurretik. Tarte horretan EAJren agintariek Santoñako Ituna delakoa prestatu zuten italiarrekin, armak entregatuta, gudariak itsasontziz Frantziarantz atera zitzaten.
EAJk gerra laga
Euskal lurraldeak galduta EAJk gerran ez jarraitzea erabaki zuen; izan ere, frankistek lurraldeak okupatu zituztenean eta gudari asko iada errepublikaren defentsarako milizietan sartuta zebiltzanean sartu baitzen gerran EAJ.
Hortaz, abuztuaren bukaeran Santander erortzear zegoela, Euzko Gudarosteko gudariek errepublikar bandoko borrokalekuak utzi zituzten EAJren aginduz, eta Laredo eta Santoña inguruetan batuz joan ziren.
Santoñako kartzelan
Italiarrak Laredon eta Santoñan sartu ziren abuztuaren 24an eta 25ean, hurrenez hurren; ituna, ordea, ez zen adostutakoaren arabera gauzatu, batetik, itsasontziak ez zirelako garaiz iritsi, eta bestetik, Francok gudarien irteera eragotzi zuelako.
Herri bi horietan egon ziren kontzentratuta gudariak eta zibil batzuk ere hainbat egunetan, astebete inguru, arazoa konpontzeko negoziatu nahian. Baina, azkenean, Francoren tropak Santoñan sartu ziren eta gudariak preso hartu zituzten irailaren 4an. El Duesoko presondegian giltzapetu zituzten.