36ko gerra Soraluzen

Erbestekoak III

Erredakzioa 2019ko urr. 14a, 07:18

Argazki bertikalean Andres eta Antonio Moro amarekin, Adela Egurenekin.

Moro-Eguren familiaren bizipen latzak jasotzen ditu Isiltasuna Hausten liburuaren gaurko pasarteak. Seme bikietako bat itsasora jausita desagertu eta handik egunetara agertu zenekoa kontatzen du, besteak beste.

Moro-Eguren familiari sinetsi ezinekoa gertatu zitzaion; hala kontatu digu Agustinek: “Teodomiro Morok eta Adela Egurenek seme bikiak izan zituzten: Andres eta Antonio. Bilboko La Casillan jaio ziren. Aita lanik gabe geratu zenean, Reinosan (Kantabria) lanpostua lortu zuen eta bertan bizi izan ziren gerra etorri zen artean. Andres eta Antoniok hamabost urte bete zituzten urtean, 1937an, bonbardaketetatik ihesi joan ziren amarekin, aita militarizatutako lantegian lanean utzita. 

Antonio desagertu

Ihesean zihoazela, Santanderren, gaua izanik eta hegazkinetatik babestearren, itsasontzi batera igotzea erabaki zuten. Horretan ari zirela, alarma faltsu batengatik pasarela erretiratu egin zuten eta Antonio uretara jausi zen. Desagertu egin zen. 

Adelak eta Andresek bi egun eman zituzten itsasontzian Frantziara heldu artean. Han hilabete batzue- tako egonaldia egin zuten, patata eta patata janda, frantsesen laguntzarekin. Ostean, Kataluniara joan ziren eta han bizimodu hobea izan zuten. Nekazal giroko eta laguntasun handiko bizimodua zeukaten. 

Behin emakume batek Adelari esan zion bezperan Andres aldameneko herriko azokan ikusi zuela. Adelak erantzun, ezetz, ezinezkoa zela, Andres berarekin egon zela. Eta berehala ohartu zen emakume hark Andres ez, Antonio topatu zuela! Bizirik zegoen. 

Soraluzera bueltan


Antoniok Rosario ezagutu zuen bertan eta gerra bukatu eta gero, ezkondu egin ziren. Izan ere, Reinosa nazionalen eskuetan erori zenean, Teodomiro preso hartu zuten eta ama eta bi semeak Soraluzera etorri ziren familiaren babesera. Hala, Teodomiro aske utzi zutenean, Soraluzera etorri zen eta SAPAn lanpostua lortu zuen.” 

Batzuk han geratu

Hala ere, itsasontziz joandako ume guztiak ez ziren itzuli; izan ere, haietako batzuk harrera herrialdeetan geratu ziren bizitzen, urte askoz edo betirako. Hala gertatu zitzaion, adibidez, Ana del Bosqueri, anai batzuekin batera Bilbotik Errusiara egin baitzuen bidaia. Espainiaratzeko aukera izaterako hemeretzi urte pasatu zituen erbestean eta gainera, itzuli eta urte gutxira, Espainiatik bidali zuten berriz ere, sobietar asaldatzailea izatea leporatuz. Kuban urte batzuk igaro ostean, 1978an lortu zuen itzultzea.