Bertan da garabi erraldoia

Ubane Madera 2019ko urr. 11a, 12:02

Ikusmira eragin du kiroldegi ondoko errepidean gaur goizetik dagoen garabi erraldoiak eta kiroldegiko obrek. Teilatuaren habeak igotzeko ekarri dute garabia eta haiek ipintzen dihardute terraza gainean. Dagoeneko teilatuak izango duen itxura antzeman daiteke. Bestalde, gogoan izan asteburuan zirkulaziorako zabalik izango dela errepide zati hori.

Aurrera doaz kiroldegian solairu berria eraikitzeko lanak. Aste honetan buru-belarri dabiltza padel pista ondora materiala igotzen, teilatua eutsiko duten habeak, batik bat. Eta egunotan haietako batzuk ipinita lagako dituzte.

Errepidea zabalduko dute

Hain justu, gaurko lanak bukatuta, errepide erdian dauden kamioia eta garabia bertatik erretiratu egingo dituzte eta zirkulaziorako zabalik utziko dute errepidea, astelehenera arte. Modu horretan, asteburuan erdigunea itxi egingo dute, oinezkoei lehentasuna emanez. Hori bai, astelehenerako atzera ere itxiko dute errepide zatia eta zirkulazioa herri barrutik desbideratuko dute.

Autobusei dagokienez, berriz, haien geralekuak ez dituzte lekuz aldatuko harik eta errepidea berriro ere behin betiko zabaltzen duten arte. Beraz, Estaziñora jo behar da autobusak hartzera.