Gaur Zumaian eta Zarautzen

Ubane Madera 2019ko urr. 9a, 10:09

Egoitzetako langileak atzo Beasain-Ordizian.

Gaur, eguaztena, bigarren martxa-eguna egiten dabiltza protestan diharduten Gipuzkoako egoitzetako langileek. Zumaia eta Zarautzen ibiliko dira, bizi duten gatazkaren konponbidea eskatzen. Atzo, berriz, Beasain-Ordizian ibili ziren eta Soraluzeko langileek jakinarazi dutenez, Ordiziako alkatearen babesa jaso zuten.

Astelehenean Donostian hasitako martxa Arrasatera ailegatuko da barikuan. Hain justu, gaur Zumaia eta Zarautz zeharkatu ondoren, bihar Irunera joko dute eta etzi Debarrora etorriko dira, Eskoriatza eta Arrasate zeharkatuz.

Greban dabiltzan egoitzetako langileek, guztira 10 egunez egingo dituzte martxak, Gipuzkoa zeharkatzen, joan den irailean abiarazitako grebaren baitan. Urriaren 18an bukatuko dute ekimena, Donostian, euren aldarrikapenak lurralde osora helarazteko helburuarekin.

Emakume izateagatik

Besteak beste, martxaren hasieran salatu zuten zaintza-lanak batik bat emakumeen eskuetan egoteagatik sufritzen dutela gaur egun bizi duten soldata arrakala: “Argi daukagu zergatik gertatzen ari den hau gatazka honetan, zaintza historikoki emakumeok egin dugun lana izan delako, etxean eta inongo soldatarik jaso gabe gainera. Gaur egun gizonezkoak lanean ari diren sektore pribatizatuekiko %30eko soldata arrakala pairatzen dugu, 6.000 euro gutxiago urtean, emakume izate soilagatik”.

100 egun baino gehiago

Dagoeneko 100 egun baino gehiago daramatzate greban Gipuzkoako egoitzetako langile ugarik. Laburbilduz, Gipuzkoako Diputazioari exijitzen diote onar dezala ELAk Adegi eta Matia 2020 patronalekin lortutako akordioa.