36ko gerra Soraluzen

Nikanor Iñurrieta: "Txikittu juen, dana txikittu juen! Ez zuan ezer geratu han"

Erredakzioa 2019ko urr. 10a, 07:05

Nikanor Iñurrieta Goikoetxea.

Nikanor Iñurrieta Goikoetxeak (1920-2013) lehen pertsonan bizi izan zuen Gernikako bonbardaketa. Haren ondoren, hamazazpi urterekin, gudari joatea erabaki zuen. 

Nikanor Iñurrietak kontatu zuenaren arabera, berak herritik alde egin zuen erreketeak etorri baino lehen. “Irailan hogeixan urten genduan, akordatzen nok, domekia uste juat zala. Eta Iñaki nere anaia eta ni, ba, gu nausixak ginuazen, harek hamazortzi urte eta nik hamasei. Eta urten genduan trenian, senide batzuen etxera juan ginuazen. Orduan pentsatzen genduan hamabost eguneko ipuina izango zala.” 

Trena hartu eta Zornotzan jeitsi ziren. Han tren geltokian bertan lo egin zuten Iñakik eta biek, Etxabetarrek lagatako koltxoi baten gainean. Ume txiki-txikiekin Muxikara zihoazen haiek; Iñaki eta Nikanor, berriz, Gernikara senide batzuen etxera. Hilabeteak egin zituzten bertan. 

Egoera gero eta zailagoa zen, jatekoa gero eta gutxiago zeukaten eta goseak zeuden. Baserrietatik artirina lortu eta morokilla jaten zuten. Oraindik ere gerra laster bukatuko zen itxaropena bazuten. 

Gernikakoa bertatik bertara

1937ko apirilaren 26ko Gernikako bonbardaketa bertatik bertara bizi izan zuen. “Gernikan zentro-zentruan nenguan ni lagunekin. Zerbezia-edo etorri zuan orduan. Zerbezia etorri zala ta “joño!” kaña bana hartu ta hantxe jarri mahaixan eta... “Café Norte” edo zuan, oso leku politta. Kanpuan mahaixan jarritta eta abioia, inspekzinokua edo. Eta kanpaiak eta joten jittuen eta... ohittu egin ginuazen! Ez juen botatzen bonbarikan be eta gu ezta mobidu be ez. Baina, horraittiokan, beste bat etorri zuan eta “daunba!”. Aiba dios! Lehenengo bonbia! Orduaintxe hasi ginuazen mobitzen. Gero, junkerrak, abioi-garauak kargau-kargau eindda bonbaz, etortzen zittuan “por oleadas” esaten dana. Mordua, e! Kazak aurretikan eta hurrengo atzetikan kazak berriro.” 

Atsedenaldietan pixkaka mendi gain batera igotzea lortu zuen eta handik bonbardaketa ikusi zuen gernikar lagun batekin batera. “Izan zuan bonbardeo bat, hiru ordu t’erdi edo lau orduan edo, jo eta bota eta bota eta bota bonbak. Txikittu juen, dana txikittu juen! Ez zuan ezer geratu han.”

Bonbak jaurti eta ametralladoreekin ihesi zihoazenak tirokatzen zituzten. Dena erreta zegoenez, eta ezer gabe geratu zirenez, gudari joatea erabaki zuen. Hamazazpi urte zituen Nikanorrek. Ordurako, Iñaki Saseta batailoian zebilen.* 

*(Hortik aurrerako Nikanor eta Iñakiren bizipenak liburuan zehar txertatuta daude)