Nazioarteko argazkien mostra

Ubane Madera 2019ko urr. 7a, 12:00

Kontrargiren argazki rallyaren erakusketa, apirilean.

Bihar, martitzena, 30 bat argazki dituen erakusketa zabalduko du Kontrargi argazki kolektiboak. Udalerriko lau argazkilarik urtean ateratako argazkiak dira, gai librearekin landutakoak. Hori horrela, New York, Añanako Gatzagak zein Andaluziako hondartzak ageri dira irudiotan, besteak beste. Bestalde, gertu dute dagoeneko 2020ko egutegia.

 

Bihar kiroldegiko aretoan zabalduko duten erakusketan ikusi ahalko dira Alberto Arizagak , Fernan Oregik, Ekaitz Uzinek eta Mikel Valerok  2019an ateratako hainbat argazki. 30 inguru izango dira, eta denetarik erakusten dute: Añanako gatzagak, New York, Mosku, San Petesburgoko Hermitage museoko panoramika bat zein Andaluziako hondartzak.

Hain justu, bihartik urriaren 26ra bitartean izango da zabalik erakusketa, ohiko ordutegian: 19:00-20:30ak arte egunero eta zapatuetan 12:00-13:30ak arte.

2020ko egutegia

Erakusketa honen ondoren, Kontrargi kolektiboak abenduan ipiniko du urteko azkena.

Horrez aparte, lehenago 2020ko egutegia salgai ipiniko dute. Alberto Arizagak, Kontrargiko kideak esplikatu duenez gertu dute dagoeneko: “Eginda dago. Gaztañerre aurretik banatuko dugu, ohiko saltokietan,  bi euroren truke. Herriko txokoei erreferentzia egiten dieten argazkiak dira. Polita geratu da; badaude bi lagun Kontrargiko kide ez direnak eta haien argazki bina ere izango dira egutegian. Gainerakoak Mikel Valerorenak eta nireak dira”.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.