Bilboko burdinezko hesia Bonbardaketa eta erasoengatik, ihesean joandako soraluzetar asko Bilboko Burdinezko Hesiraino heldu ziren babes bila, eta han geratu ziren 1937ko ekainaren 19an Bilbo jausi zen arte.
Bataila aipagarri bi
1936ko abuztuan eta irailean hartu zuten Bilboko hesia eraikitzeko erabakia. Lehen arduraduna Pablo Murga izan zen, baina planoak espia faxistei eman zizkien (beranduago fusilatu egin zuten).
Bigarren arduradun Alejandro Goikoetxea izendatu zuten. Baina hark ere 1937ko otsailean desertatu zuen, eta nazionalen zonaldera pasatzea lortu zuen hesiari buruzko informazioa eta planoak aldean hartuta. Hesiak bazituen ahulguneak eta haien berri eman zuen.
Bi izan ziren aldi horretako bataila azpimarragarrienak:
- Bizkargi mendiko bataila (Zornotza-Larrabetzu). Alemaniako hegazkin eta pilotuen laguntza izan zuten nazionalek.
- Lemoako Haitzetako bataila (maiatzaren 28tik ekainaren 5era). Amuategi batailoiko eibartar gazte asko hil eta soraluzetar asko zauritu ziren. Burdinezko hesiari egin zioten azken asaltoa Gamiz-Fikatik egindakoa izan zen. Goikoetxeari esker, ahulguneak ezagututa, laster lortu zuten altxatutakoek defentsarako egitura apurtzea; izan ere, kilometro inguruko zuloa zabaldu ostean, ordu gutxitan menperatu zuten defentsa-lerroa, eta milizianoek atzera egin behar izan zuten Bilborantz. J.A. Agirrek, bestalde, telegrama ugari bidali zizkion Espainiako Errepublikako gobernuari errefortzuak eskatuz, hegazkinak bidal zitzaten, baina ez zuen erantzunik jaso.
Bilbo eskuratzeko Enekuri-Artxanda-Santo Domingo posizioak falta zitzaizkien. Defentsa Artxandan zegoen eta bertan egin zuten borroka Karl Liebknecht batailoi komunistak eta Itxarkundia batailoiak.
Emakumeak gizonen lekuan
Ez dakigu soraluzetar emakumerik miliziano moduan ibili ote zen baina badakigu ordura arte gizonezkoek egindako lanetan jardun zutela. Gizonezkoen artean bajak areagotuz joan ahala, emakumeak lanerako deitu zituzten.
Antoni Orbea trintxerak egiten aritu zen Artxandan eta Resu Gallastegi Bilboko egonaldian pilotutarako prestakuntzak egiteko hautatu zuten. Horrez gain, frontean zebiltzanentzat jertseak eta galtzerdiak egiten aritu ziren emakume asko. Artilea banatzen zuten hainbat lekutan eta bertara eramaten zituzten etxean egindako jantziak.
Resuk gogoan du: “¡Hemos hecho más calcetines y jerseys! Mi madre, mis hermanas y yo íbamos a las colas para coger pan, para todo. Pues haciendo, todo el tiempo haciendo (punto) para el frente. ¡Sí, sí! ¡Nosotras hemos hecho muchísimo!”
Artxandako bataila oso gogorra izan zen. Bataila galtzear ari zirela eta eskuinaldea frankisten esku geratuko zela ikustean, Bilboko zubiak dinamitatu zituzten.
Bilboko azken defentsak, berriz, ezker aldeko hegoaldean, San Adriango meategiaren inguruan egon ziren, baina ekainaren 18an alde egin zuten Bilbotik, 17an Jaurlaritzak Santanderreruntz erretiratzeko agindua eman ondoren. Bilbo, 1937ko ekainaren 19an jausi zen altxatuen eskuetan.
Margarita Aranberri bertan zegoen nazionalak sartu zirenean. Horrela kontatu zuen bizi izandakoa: “Gu bagare bentanan, “eta oin zer? Oin be badatozik eta ze egin bihar dogu guk?” Eta betozen reketiak eta reketien tartian anaia. “Migel!” neuk holaxe. Lehenenguan ez eban entzun baina bigarrenian altutxuago nik esango neban, eta da! Holaxe beittu eban baina ezin, frentian formatuta zoiazen eta ezin handikan zertu baina bilatu genduzen harek. Desfilia geratu zanian, etorri jakun hara. Anaiak anaien kontra baina, segi!”
Babeslekuetako egunak
Hiria ia hutsik zegoen, baina deuseztu gabe utzitako industria, laster izango zen sartu berri zen ejerzito frankistak ustiatzeko gertu. Lurraldeak okupatu ahala, bonbetatik ihesi jarraitu zuten herritar askok, harik eta erabakia hartu behar izan zuten arte: herrira itzuli edo atzerrira ihes egin.
Maria Luisa eta Asun Gorostidi Bizkaiko azken mugaraino heldu ziren: “Sopuertan bi hilabete eta erdi edo hiru hilabete egin genduzen. Jendia hasi zan juaten Castrora eta, baina gu geldittu egin ginan. Han be bonbardeuak izan ziran. Azkenengo egunetan egon ginan hiru egunian refugixuan. Mendi baten azpixan, errekia pasatzen zaneko tunela euan. Errekia desbideratu zeben kanpotik eta han egoten ginan. Harrixa zan, pizarra. Amak lastoz betetako zakuakin kojinak egin zoskun tunelian jartzeko, harri gainian, han umedadia zeuan eta. Etortzen ziranian,(txikixak be etortzen ziran) bonbak botatzen zittuen mendixan, eta harrixak jausten ziran eta ipurdipian geunkan kojina buru gainian ipintzen genduan. Soinekua zikina ekarri neban. Beltza zan harrixa eta zikindu egitten zeban. Han egin genduan gau bi eta hiru egun bai. Ama gabian juaten zan etxera patatak egosi eta guri ekartzera. Behin milizianuak altua egin zotsen, sustua. Umiak eukazela refugixuan eta jana eruan bihar zotsela esan zotsen.” Handik etxera itzuli ziren.