Apirilaren 20ko eta 24ko erasoekin Elgeta hartu zuten, eta apirilaren 26an, Eibar.
Horiek eskuratuta, Bizkairako bidea irekita zeukaten. Apirilaren 26an berean Gernika bonbardatu zuten. Francoren hedabideek zabaldu zuten miliziano sozialistek, anarkistek eta komunistek eraso zutela.
Egun, ordea, ezaguna da alemaniar hegazkinek (Condor legioa) eta italiarrek gauzatu zutela; izan ere, Errepublikaren kontra altxatu ziren agintariekin elkarlan estuan, eurok aritu baitziren aire erasoetan.
Espainiak aitortu ez
Tamalez, eta historialariak ahaleginduagatik, oraindik ez da agertu Francok eta Molak erasoaren aginduan izan zuten erantzukizun zuzena frogatzen duen agiririk. Espainiar gobernuak ez du oraindik ofizialki aitortu, alemaniar eta italiarrekin batera, altxatutako agintariek agindu hartan izandako erantzukizuna. Alemaniak, ordea, 1975ean azaleratu zuen faxisten gezurra.
Gezur hori, bestalde, hasieratik gezurtatu zuten, nola Euskadin hala nazioartean ere,
hainbat komunikabidek (ingelesak batez ere) eta lekukoek zabaldutako berriei esker. Gerora, Picassok eta alemaniar oposizioak unibertsalizatu zuten Gernikan gertatutakoa.
Soraluzetik ihesi
Bizkaiko lurraldean sakabanatuta zeuden 1936ko irailaren 20an Soraluzetik Bilborainoko trena hartu zuten ehundaka plazentziatar. Baziren Durangora, Gernikara eta inguruetara joan zirenak, baita Bilboraino joandakoak ere.
Azken hauek, Bilbora heltzean Atxuriko eskoletan sartu zituzten eta hurrengo goizean handik alde egin behar izan zuten, Bilboko beste tokiren batera edo kamioiz inguruko herrietara.
Fronteak egonkor iraun zuen bitartean, eguneroko bizimodua ere egonkorra izan zen baina Bizkaiko ofentsiba hasi zenean, berriz ere alde batetik bestera, bonba artean bizitzea tokatu zitzaien. Bizkaian ibili ziren guztiek kontatzen dute zela bonbardatu zituzten batean eta bestean.
Hildakoak, zaurituak, suntsitutako etxeak ikusi zituzten. Gehienetan, lotarako lekua topatzen zuten, berehala antolatzen baitziren harrera herrietan ihesi zihoazenak artatzeko.