Tiroen gaiak, bestalde, desadostasunak eragin zituen Ilordon zeuden milizianoen artean, hasieran batez ere; izan ere, bertan zeuden plazentziatarrek, familiakoengan eta ezagunengan pentsatuz, ez zuten herrira tirorik bota nahi, eta horrek eztaibada sortarazten zuen gainontzeko milizianoekin.
Berdintsu gertatzen zen Elgetako hilerrian kainoiaren ardura zuten soraluzetarrekin ere; herrira botatzeari behin eta berriz uko egiten zioten.
Esan bezala, asko ziren fronte hartan milizianoen artean zebiltzan soraluzetarrak eta bazuten inguruaren berri. Herrira jaisten ziren jateko bila, senide eta lagunekin egon edota Igarate aldean ezkailluak harrapatzera.
Errepidea arriskutsu
Aurreko lerroetan jasota geratu den moduan, Bergara eta Maltzaga batzen zuen errepidea oso arriskutsua zen, baita Elgoibar aldera ere, bando bietako sua gurutzatzen zelako.
Horrez gain, erreketeek errepidea eta trenbidea apurtuta zeuzkaten (Mendiola baserrian, trenbideak bira egiten zuen lekuan, errailak moztuta eta errekara begira jarrita zeuden). Horrek herrira etortzeko eta irteteko zailtasunak eragin zituen. Herriak hornikuntza arazoak izan zituen eta, dendariek salgaiak ekarri ezin zituztenez, eskasia egon zen.
Berririk ez
Ikatza, arraina eta olioa ekartzea, esate baterako, ardura garrantzitsua izan zen Udalarentzat eta bilera askotako lehentasunezko gaia. Bideko segurtasun ezak zerbitzuetan ere izan zuen eragina: adibidez, Elgoibartik zetorren albaitariak herrira etortzeari laga zion eta posta jaso eta bidaltzea ere oso zaila zen, tren zerbitzuak murrizketak eta geldialdiak izaten zituelako.
Inkomunikazio hark herritik kanpo gertatzen zenaren berririk ez izatea ekarri zuen fronteak iraun zuen bitartean. Herrian geratu ziren familiek ez zeukaten frontera zein ihesi joandakoen berririk; ezta herritik derrigorrez eramandakoenik ere, batez ere hasierako hilabeteetan.
Herritarrak erreklamatu
Hala, okupatu gabeko eremuan zeuden hainbat eta hainbat herritar erreklamatu zituen Udalak. Abenduaren 12ko dokumentuak horrela azaltzen zuen:
- Luis Calonge Frances, Serapio Placencia eta Eugenio Lamariano Orueta, Sestaoko tailerrean lanean zebiltzan, Frente Popularrak hara derrigorrean eramanak.
- Serafin Achotegui eta Manuel Lersundi, Arratera eraman eta desagertutakoak.
- Luis Hernández Gallardo, Aranzazumendi itsasontzian preso zeukatena, Bilbon.
- José Ormazabal Albizu, Falange indarretan zegoela Angiozarren desagertu zen urriko lehenengo igandean.