Ibilgailuen zirkulazioa aldatu egingo da datorren astean

Ubane Madera 2019ko urr. 4a, 18:04
Ibilgailuak Estaziñotik bi noranzkotan, Errabaleko obrak egin zituztenean.

Kiroldegiko obrak direla-eta, datorren martitzenetik, urriaren 8tik aurrera, herriko zirkulazioa berrantolatu egingo dute, hiru asterako. Estaziñoa kaleak bi noranzko izango ditu eta semaforo bidez bideratuko dute trafikoa.

Datorren martitzenetik hasita hiru astez, Gaztelupe tabernatik aurrerako errepide zatia itxi egingo dute. Kiroldegiko obretarako materiala igo behar dute bertako terrazara. Eta horretarako garabi erraldoia muntatu behar dute errepidean.

Goian bi noranzko

Hori horrela, martitzenean 08:15etik aurrera, zirkulazioa Estaziñoa kaletik bideratuko da; errepide zati hark bi noranzko izango ditu, eta zirkulazioa semaforo bidez bideratuko dute, Errabaleko obrekin egin zuten modura, honelaxe:

  • Semaforo bat ipiniko dute Olako aldapan; espaloitik bidegorrira joateko zebrabidea baino lehen.
  • Beste semaforo bat ipiniko dute Estaziño kaleko parke ondoan.
  • Beste bat Arraikuan.
  • Beste bat Ezozibideko biribilgune inguruan.

Oraingo honetan, berriz, ez dute semafororik ipiniko Atxurin, ze bertako zirkulazioa bere horretan geratuko da, Zubi Nagusirako bidea libre dagoelako.

Bestalde, Etxaburueta kaleak bi noranzko izango ditu datozen asteetan. Eta erdiguneari dagokionez, Kalebarren eta Plaza Zahar ingurua itxita izango dira zirkulaziorako 15:00etatik aurrera, orain modura.

Horrez aparte, eta Baltegieta kaleari dagokionez, bertako garajeen  sarrerak betiko lekutik egingo dira. Eta   SAPAKO autobus geltokitik Baltegieta 4 zenbakira joateko bi zentzuzko norabidea izango da.

Geltoki nagusia

Zirkulazio berrantolaketak aldaketak ekarriko ditu, baita ere, autobusen geralekuetan. Hain justu, autobusek Estaziñoan izango dute geraleku nagusia. Hortik aparte, Errekaldeko geralekuak bere horretan segituko du eta egokituko dute geltoki berria Ezozibidearen 14. zenbaki parean, lehenago egon zen leku berean, Eibarrera doazen autobusendako. 

Estaziñoko zein Ezozibideko behin-behineko geraleku horiek haimaz babestuko dituzte eta jarleku bana ipiniko dituzte azpian.

Mendarorako autobusa

Eta Mendarorako autobusei dagokienez, haren geltokiak honakoak izango dira: Sagarrerreka, Ezozibide, Estaziño eta Olako Zubia. Behin Olako zubian gelditu ondoren, GI 627 errepidean jarri berri duten biribilgunean buelta eman eta saihesbidetik joango da.