Baserriaren aurrealdea salbatu da baina gainerako guztia erre egin da

Egoitz Unamuno 2019ko urr. 3a, 10:34

Auzokoak gaueko ordubiak aldera konturatu dira Korta baserria sutan zela. Suhiltzaileek ezin izan dute ezer egin eta suak ia baserri osoa erre du. Aurrealdeko zatia salbatu da: sukaldea, logelak eta epantza.

Gaueko ordubiak aldera konturatu dira auzokoak Korta baserria sutan zela eta berehala deitu dute Ertzaintzara. "Sekulako zarata entzun dugu, su artifizialen antzeko zeozer eta teilak jausten. Hasieran pentsatu dugu kamioiren bat ote zen, baina segituan konturatu gara baserria sutan zegoela. Etxetik ez zen ezer ikusten. Korrika joan gara bertaraino eta orduan ikusi dugu baserri dena sutan zegoela. Ez genekien zer egin. Ertzaintzara deitu dugu eta auzoko batzuei ere bai, jabeen telefonorik ez genuen eta". Handik laster etorri dira ertzainak eta ordubete eskasera suhiltzaileak. Suhiltzaileak heldu direnerako baina, ez zegoen ezer egiterik, dagoeneko baserri osoa sutan zegoen eta. 

"Atzo bertan bazkaldu genuen Kortan"

Kortako jabeek goizaldeko laurak aldera jakin dute sutearen berri, Juan Cruz Arizaga eta bere emazte Natiri suhiltzaileak Eibarko Sumendia baserrira abisua ematera joan zaizkienean. Berehala bertaratu dira eta inpotentziaz ikusi dute baserria erretzen.  "Atzo bertan bazkaldu genuen hemen. Hasieran pentsatu dugu sukaldean zeharo emendatu barik laga ote genuen sua eta hortik piztu ote zen baina etxearen parte hori ez da erre eta, beraz, beste zeozerk eragin behar izan du, elektrizitateko sareak edo. Ez dakigu".

Erresignazioz hartu dute gertaera. "Behintzat ez zen inor bizi eta alde horretatik ez da norbere etxea erretzea bezin gogorra. Hala ere, gure denbora librea pasatzeko lekua zen eta berritutako altzari mordoa geneukan bertan. Gainera, orain dela hilabete batzuk Patria telesailerako grabazio batzuk egin zituzten eta inoiz baino txukunago geneukan. Zer egingo zaio. Zorionez, erremintak Eibarren genituen eta haiek ez dira erre. Datozen egunetan ikusiko dugu aurrera begira zer egin daitekeen, aseguru etxeak eta zer dioen, baina baserria berriz altxatzea oso garestia izango da". 

Ez dakite zela piztu den     

Suak ia osorik erre du San Andresko baserria. Baserriaren aurrealdeko zatia da sugarretatik salbatu den zati bakarra: sukaldea, gelak, epantza... Baserriaren bi zatiak bereizten dituen hormak eragotzi du suak parte hori ere erre izana, teilatua barne. Hala ere, erre bariko teilatu zatia ere oso egoera txarrean dago eta bota egin beharko dute.

Eibar, Azpeiti eta Oñatiko suhiltzailak hurreratu dira Kortara baina arduradunak adierazi duenez, ezin izan dute ezer egin. "Gu heldu garenerako baserria sutan zegoen. Estruktura egurrezkoa da eta suak indar handia hartu du. Kaletik ekarri behar izan dugu ura, txandaka. Gainerakoan, guk ez dakigu zerk piztu duen sua. Horretaz Ertzaintza eta aseguru etxeko teknikariak arduratuko dira".