Motxila irribarrez beteta

Egoitz Unamuno 2019ko urr. 2a, 11:34
Emakume senegaldarrak eta euskaldunak elkarrekin. Nerea, aurreneko ilaran eserita, eskumako aldetik bigarrena.

Nere Iñurrietak aurtengo udan Bergarako Ndank Ndank elkartearekin Senegalera egin duen bidaiaren kronika.  

Uda honetan oporrak modu paregabean bizitzeko aukera izan dut Ndank Ndank elkarte bergararraren eskutik: Debagoieneko talde horrekin Senegalen egin ditut bi aste, bertan hezkuntza eta osasunari lotutako hainbat programa garatzen. 

Ndank-Ndank elkartea 

2011an sortu zen. Euskaldunez eta senegaldarrez osatua dago eta kulturartekotasuna 
lantzeko ekintzak eta garapenerako lankidetza proiektuak burutzen ditu Senegalen. 
Aurten Elkarbizitza eta Elkartasun Programa egitea erabaki zuten, eta Bergaratik 31 lagun joan ginen Dionewar irlara, bertakoak direlako Bergaran bizi diren senegaldar asko.
Programak hainbat helburu ditu; besteak beste, euskaldunen eta senegaldarren arteko zubiak indartzea, eta sentsibilizazioa lantzea, elkarteak etorkizunean egingo dituen ekintzetan zein proiektuetan inplikazioa handitzeko. 

Egonaldia Senegalen 

Sentsibilizazioa hiru fasetan landu dugu: lehenengoan, Senegalgo errealitateari buruzko formakuntza saioakjaso genituen, hango bizimodura errazago egokitu ahal izateko, eta horrekin batera dirua lortzeko ekintzak egin genituen, Senegalgo proiektuetarako finantzazioa lortzeko. Egia esan, fase oso interesgarria izan zen, taldekideok aukera izan genuelako elkar ezagutzeko.  

Bigarren fasea, berriz, Senegalgo bertako egonaldia izan da. Han aukera izan dugu zelako bizimodua duten ezagutzeko, herritarrekin batera bizi izan gara eta hainbat ekintzak egin ditugu.

Adibidez, haur hezkuntza eskaintzeko eraikina eraikitzen hasi ginen, Bergarako Mendekoste jaietan antolatutako tonbolako  diru laguntzari esker. Lanek  sekulako erritmoa hartu dute. Gainera, aisialdi ekintzak garatu genituen haurrekin: jolasak, eskulanak, bideo proiekzioak...
Bestalde, Elgoibarko Uzuri optikak emandako makinari esker, herritarrei ikusmen azterketak egin genizkien, eta horrez gain, eskualdean batu ditugun betaurrekoak banatu ditugu. 

Kultura konpartitu 

Kulturartekotasuna bultzatzeko ekintzak ere egin ditugu: musika fusioak (trikitia, panderoa, txalaparta, bertako jembearekin eta kalabazekin), euskal eta afrikar dantzak, hausnarketa sorrarazteko zine foruma eta estropadak ere bai (20 urteren ondoren herrian berreskuratu den tradizioa da).

Motxila beteta bueltan 

Profil oso desberdinetako pertsonak joan gara Senegalera: erizainak, irakasleak, argazkilariak, ingeniariak… eta esperientzia guztiz positiboa eta aberasgarria izan da. Herriak esku zabalik hartu gintuen hasieratik, eta uneoro errespetuan oinarritutako elkarbizitza eta elkarlana izan dugu.

Motxila irribarrez eta luzaro gogoratuko ditugun bizipenez beteta ekarri dugu bueltan. Bertan ikusitakoek eta ikasitakoek hemen daukagun bizitza eredua zalantzan jartzera eta beste balore batzuk indartzera animatu gaituzte. 

Orain, hirugarren fasean murgilduta gaude: ebaluazioa eta difusioa. Gainera, aurrerago lantzeko proiektu asko ditugu buruan eta horientzako finantziazioa lortzeko ekintzak egiten jarraituko dugu.