Ikastaroa Iratxe Retolaza eta Ainhoa Aldazabal literatur kritikariek gidatuko dute (Emagin eta Skolastika taldeetako kideak dira, hurrenez hurren). Hauek azaldu dutenez, ikastaroaren helburua izango da “begirada feministaren eta begirada literarioaren arteko bidegurutzean sorturiko ezagutza-bideez eta esperientzia-bideez jabetzea. Bi begirada horiek elkartuko dira ikastaro honetan, eta begirada feminista literarioa garatzeko norabideetan jarriko dugu ahalegina. Hortaz, literaturak berezko dituen ezagutzarako bideak eta esperientziarako bideak begirada feminista mamitzeko eta garatzeko baliatuko dira".
Hilero, martitzenetan
Irakurle-taldea hilean behin batuko da zubiko zentroan, martitzenez, arratsaldeko 19:00etan, eta saio bakoitzean (8 guztira) euskal literatura garaikideko sorkuntza-lan bat izango dute hizpide (lanak liburutegian eskuratu ahalko dira) eta baliteke bestelako aktibitateren batzuk ere tartekatzea. Ikastaroa, ofizialki, urriaren 22an aurkeztuko dute, baina dagoeneko eman daiteke izena errabal@hotsak.com emailera idatzita. Matrikulak 20 euro balio du.
Ikastaroa Soraluzeko Errabal kultur elkarteak antolatu du. Informazio gehiago: 639750781 (Ubane).