Zizurkilen jaioa bada ere, urte asko egin zituen Osintxun eta gehiago Soraluzen, ezkondu eta gero. Hamalau urterekin Eibarko Star lantegian hasi zen lanean, aprendiz.
Gero, Bergarako Algodoneran peoi lanetan aritu zen. Gerra hasi eta gutxira, Donostiara joan zen eta Frontoi Modernoan Azaña batailoiko kide sartu zen. Irunera joan zirenerako baja mordo bat izan zituzten. Ez zuten bataila hartan parte hartu baina ordurako erretiradan hasi ziren eta Usurbilera gerturatu.
Loiola batailoiko kide egin zen gero. Mutrikutik pasatu eta Gernikara joan ziren, han eduki zuten koartela. Frentean ibiltzen ziren eta gero Gernikara bueltatu. “Guk hamar pezeta genkan sueldua. Eta ni kabo egin ninduen, hemeretzi urtekin, eta nik hamaika pezeta nakazen, pezeta bat gehixago.” Inaziok gogoan du Jose Antonio Agirreren Bilboko Hotel Carltoneko agerraldian, Loiola batailoikoek desfilatu egin zutela.
Kanpandorrean ametralladora
Albertian eta Legution frontean ibili ziren. San Andres egunez, azaroak 30, Gasteiz hartzera bidali zituzten. “Han soldauak zeren eta erreketiak be baietz uste dot. Elizako kanpandorrian ametralladora zeken harek. Eta gu han frente-frentetik han, traizinua egon zan. Haura Goikoetxea edo, gero Talgua inbentatu zeban hori. Harek dana egin zeban. Gu han frentetik juan ginan ba haura atakatzera! Harek ametralladorakin guri egin zoskuen sarrazina bat!” Elurretan, hotzetan, ibili ziren.
Inguruko lagun denak hil zizkioten han Inaziori. Solda- duekin gauez hizketan aritzen ziren eta umorerik galdu gabe gainera. 1937ko apirilaren 4an bonbardatu egin zituzten Legution hegazkinek eta, soldaduak zetozenez, atzera egiteko agindua eman zieten. Fusila eta manta bat soinean hartuta, Otxandio aldera ihes egin zuten eta hildako asko izan ziren. Gorbea azpikaldetik Bizkaia aldera heldu ziren.
Igorre inguruan mendia galdu eta berriz ere hura hartzera bidali zituzten. Elkarri begira jarri eta geldi, isilik, geratu ziren. Norbaitek Gora Euskadi edo Viva España oihukatutakoan, borrokaldia hasi zen. Hildako eta zauritu asko izan ziren. Antolakuntzarik ez eta mendia galdu zuten berriz ere.
Konzentrazio-esparruan
Horrela bada, Azaña eta Loiola batailoietan ibili zen, Irundik hasi eta Laredoraino fronteetan. Bala artean ihes egindakoa da behin baino gehiagotan eta gerra osoan zehar erretiradan ibili zirela kontatzen du. Castro Urdialeseko kontzentrazio-esparruan eduki zuten eta Langileen Batailoetan ibili behar izan zuen Lerman eta beste hainbatetan. Lan gogorrak egiten zituzten, baita gauez ere.
Matxakante postua lortu zuen eta orduztik egoera hobean bizi izan zuen hango egonaldia. “Nik ez dotset gorrotorik hartu hareri. Absurdo bat izan zan. Gerra zibila ez zan izan haura.Haura izan zan un levantamiento militar, nada más. Gerra zibila hori izen hori borratu egin bihar da”.
Artikulu honetan jaso dugun informazioaren iturria 2015ean Soraluze 1936 lan taldeak argitaratu zuen Isiltasuna hausten liburua da.